Getxo Kirolak-ek lehen lau proiektuak martxan jarri ditu Fadurako kirol-parkea berriro diseinatzeko

Erredakzioa 2019ko aza. 27a, 16:29

Getxo Kirolak erakundeak Thinking Fadura prozesuaren hirugarren fasea aktibatu du, parte hartzeko prozesuan zehar sortutako lehen lau proiektuak abian jarrita. "Prozesua herritarrakaz eta udalerriko elkarte-ehunagaz batera burutu zen iazko urtean zehar", azaldu dute udal-arduradunek. 

Getxoko Kirol zinegotzia den Álvaro Gonzálezek adierazitako moduan, "fase berri hau gutxi gorabehera lau urtekoa izango da, eta horren barnean ondorengoak egingo dira: garagardotegi zaharra ordezkatuko duen funtzio anitzeko eraikin berria eraikitzeko proiektua idaztea; parkean segurtasun eta konektibitate zerbitzu egokia bermatzeko plana egitea; Fadurako lurzoruaren kalitatearen azterketa enkargatzea, etorkizunean egin beharreko zenbait obra landu ahal izateko ingurumen-arriskuak saihestuz; eta, azkenik, laster hasiko dira irisgarritasun obrak egiten igerilekuen eraikinean, mugikortasun murriztuko pertsonei sarbidea bermatze aldera". 

Prozesuaren emaitzakaz egindako aurreproiektuan 10 eremutan jardutea proposatzen da, eta 218 ekintza-proposamenak jasotzen dira (horietatik 110 gune berritzearen ingurukoak dira, 65 parkearen kudeaketarekin lotura dutenak, eta 43 eremuren gobernantzari buruzkoak). Jarduera horien ondoren, batik bat ingurumen-arloan hobekuntzak lortu gura dira, udalerrian jarduera fisikoa praktikatzea bultzatuko duten instalazio hobeak edukitzea, osasun eta kirol aisiaren sektorean enplegua gehitzea eta instalazio bakoitzerako sarbidea eta kudeaketa hobetzea. 

218 proposamen horiek gauzatzeko ordena definitze aldera, Getxo Kirolak-ek proiektuak lehenesteko metodologia landu du, irizpide anitzeko analisiaren arabera abian jartzea ordenatuz, dauden baliabide ekonomikoetara egokitzea eta biztanleentzat ahalik eta onura gehien ekartzea bermatzeagaz batera.  

Modu horretan, jada gauzatzen ari diren lau proiekturen ondoren, beste 29 jarduera egingo dira. Jarduera horiek ez ezik, proiektuak lehenesteko erabilitako metodologia ere www.thinkingfadura.eus web orrialdean kontsulta daiteke.

Thinking Fadura prozesuaren faseak

Thinking Fadura, Getxoko Kirol Parke Berria 2017an jarri zen abian egungo kirol parkearen eta instalazioen analisia eta diagnostikoa egiteko lehen faseagaz, eta hori udalerrian funtsezkoak diren agenteakaz batera egin zen. Aldi berean, parte hartzeko prozesu espezifikoa garatu zen Fadurako Garagardotegi zaharra berriz diseinatzearren, eta, horrela, Getxo udalerrirako ekipamendu sozial berria eraikitzeko aurreproiektua egin zen.

Behin diagnostikoa amaituta, bigarren fase bati hasiera eman zitzaion; hau da, herritarren parte-hartzea aktibatzearena, eta hori 2018an zehar garatu zen. Hain zuzen ere, 1.700 pertsonak parte hartu zuten premiak eta ideiak jasotzeko prozesu irekian. Prozesu horren ondorioz, eta Getxoko herritarren eskutik jasotako ekarpenak kontuan hartuta, Fadurako parke berriaren paisaia eta hirigintza antolatzeko aurreproiektua egin zen.

Hirugarren fase honetan, Getxo Kirolak-ek herritarren lankidetza bilatzen jarraituko du parkearen nahiz kirol-ekipamenduen kudeaketa hobetzeko; modu horretan, bilerak egiteko egutegia ezarriko da, eta horietan kirolen udal-erakundeko langileek osatutako talde espezifikoek ez ezik, Fadura hobetzen lagundu nahi duten pertsona guztiek ere parte hartuko dute.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun