Kondairetan oinarritutako bisita gidatuak hartuko dituzte berriro ere Begoñako galeriek

Erredakzioa 2019ko aza. 28a, 09:26
© GETXOKO UDALA

Begoñako galeriek bisita berriak hartuko ditu abenduan, "Ilusioa eta Zientzia" zikloa berriro ere zabaldu ondoren. Hala, herritarrek azpiegitura horren historia eta kondaira ezagutzeko aukera izango dute.

Begoñako galeriek bisita berriak hartuko ditu abenduan zehar, galerien inguruko historia eta kondaira ezagutu nahi dutenentzat. Getxoko Udalak eta Kultura Paisaien eta Ondarearen UNESCO Katedrak "Ilusioa eta Zientzia" zikloa berriro programatzea erabaki dute. EHUk sustatutako Zientziaren Astearen karietara antolatu zen, Begoñako galerietan. Izan ere, azaroan eskainitako edukiera aldez aurretik agortu zen, eta pertsona askok ezin izan zuten ibilbideetarako plazarik lortu.

Horregatik, ezohiko moduan, abenduko  bariku, zapatu eta domeketan, 11: 45ean, Getxoko historiaren alderdi ezezagunak, herri-imajinarioaren parte diren pasadizoak, iheslarien presentziari buruzko narrazioak, fusilamenduak, gerra-babeslekuak edo sorgin-bilerak emango dira ezagutzera. Hala, galerietara hurbiltzen direnek ikertzaileek lortutako informazioa partekatzeko aukera izango dute, ehunka pertsonaren ikerketa eta testigantzei erreparatuz.

Memoria berreskuratzeko lan horrek, modu atsegin eta dibulgatiboan planteatuak, Getxok itsasadarraren bokalean duen paper garrantzitsua ere erakusten du, funtsezkoa baita Bilbogaz eta Bizkaiaren garapenagaz duen loturagatik, bai eta emakumeen presentzia nabarmena eta euskarak historia partekatu horren konfigurazioan duen papera ere.

Bisitaren balio erantsia da kontatutako istorio bakoitzean, batzuk magikoak izan arren, errealitate-oinarri bat dagoela, ikerketa-lanean identifikatu dena, eta, gainera, Begoñako kultura-paisaia ulertzeko aukera ematen duena, espazio bakoitzaren erabilerak denboran zehar kokatuz.

Gazteei, adinekoei, haurrei edo nerabeei zuzendutako bisita irekia da, eta jakin-mina eta gozatzeko gogoa besterik ez da behar. Hori bai, beroki eta gomazko zolako oinetako itxiak eramateko gomendioagaz.

Gehieneko edukiera 25 lagunekoa izango da bisita bakoitzeko, eta euskaraz eta gaztelaniaz eskainiko dira. Lekua edo abiapuntua Begoñako galerietako Bisitarien Zentroa izango da (Arriluzeko kaia, Itsasoko Gurutze Gorriaren aurrean), eta bertaratzea eskatzen da hasierako ordua baino 10 minutu lehenago.

Izen-ematea: 635 717 337 telefono zenbakian edo erreserbak egiteko www.getxo.eus/visitas orriaren bitartez.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun