Euskadiko Orkestra Sinfonikoak Fernando Velázquezen zinemarako musika ekarriko du Getxora

Erredakzioa 2019ko aza. 28a, 12:07
Fernando Velázquez musikagile getxoztarra. © GETXOKO UDALA

Bihar, barikuan, musikazale zein zinemazaleek Euskadiko Orkestra Sinfonikoak Getxoko Muxikebarri Antzokian eskainiko duen kontzertuaz gozatzeko aukera izango dute, 19.00etatik aurrera. Fernando Velázquez musikagileak zuzenduta, Klasikotik zinemara izena duen saio honetan Rossini eta Guridiren lanak interpretatuko dituzte eta baita konpositore getxotarren pelikuletarako soinu-banda ospetsuen piezak, esaterako Lo imposible, Gernika, Lope, Soinujolearen semea eta Zipi & Zape eta kapitainaren irla.

Fernando Velázquez (Getxo, 1976) Espainiako zinema eta telebistarako musikagileen belaunaldi berriaren adierazle nagusietariko bat da. Bere ibilbide luzea 1999an hasi zuen, eta 50 film luze eta estatuko nahiz nazioarteko telesailak hartzen ditu barne. Horiez gain, kontzertuetako obrak eta antzerkiko musika ere konposatzen ditu.

Musikagile getxoztarrak Espainiako eta nazioarteko zuzendari handientzat lan egin du; esate baterako, Juan Antonio Bayona, Guillermo del Toro, Wim Wenders, Mateo Gil, Patricia Ferreira, Emilio Martínez Lázaro eta Nacho Vigalondo. Estilo berezia du oso, sinfonismo post-erromantikoaren eta Hollywoodeko konpositore handien oinordekoa, melodia-zentzu handia duena, eta orkestraren tinbrearen ezagutza sakona nahiz tempoen kontrol dinamikoa. Hala, soinu-banda bakoitza artelan bat da bere horretan.

Bere ibilbidearen baitan, J.A. Bayonagaz duen harremana nabarmendu behar da. Beragaz lan egin zuen El orfanato (2007) eta Lo Imposible (2012) filmetan, eta biak izendatu zituzten musika original onenaren Goya sarirako. Bada, azkenik 2017an lortu zuen sari hori, Un monstruo viene a verme lanarengatik. Bere ibilbidean zehar lortu dituen beste aitorpen batzuk izan dira ASCAP Film and Television Music Award eta International Film Music Critics Award (IFMCA) sariak.

Azken garaietako lan ospetsuenen artean, honako hauek nabarmendu behar dira Lo nunca visto (Marina Seresesky, 2019), Durante la tormenta (Oriol Paulo, 2018), 70 Binladens (Koldo Serra, 2019), El hijo del acordeonista (Fernando Bernués, 2018), El guardian invisible (Fernando González Molina), Inmersión (Wim Wenders, 2017), La cumbre escarlata (Guillermo del Toro, 2015) eta Ocho apellidos vascos (Emilio Martínez Lázaro, 2014).

Gainera, musika jarri die Karabudjan (2010) eta Gominolas (2007) telesailei eta Netflixeko Apaches (2017), La otra mirada (2018-2019) eta Diablero (2019) sailei. HBO Espainiarentzako Fernando Arambururen liburu arrakastatsuan oinarritutako Patria sailerako musika konposatuko du.

Orkestra-zuzendari gisa, honako talde hauekaz jardun da: EAEko, Madrilgo Erkidegoko, Malagako, Nafarroako, RTVEko, Sevillako eta Budapesteko Irratiko orkestra sinfonikoak; Londreseko Orkestra Filarmonikoa; London Metropolitan eta Orkestra Nazional Txekiarra.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun