Getxoko Udalbatzak onetsitako milioi bat euroko kreditu gehigarriaren harira, horri emango zaion "erabilerari buruzko zalantzak” jarri dituzte mahai gainean EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek, eta alokairu sozialeko etxebizitza publikoen parke baten alde agertu dira. Etxebizitzako zinegotzia den Álvaro Gonzálezek honako hau adierazi du: “badira beste etxebizitza eredu batzuk (alokairukoa, tasatua...), eta horiekin guztiekin lan egin behar dugu herritar guztiek eskuratu ahal izan ditzaten. Era berean, ezin dugu ahaztu etxebizitza libreek etxebizitza publikorako zenbait ekintza finantzatzen laguntzen digutela". Bestalde, PSE-EEk ziurtatu du "etxebizitza publikoetarako dirua bermatzea” dela helburua, eta honakoa gehitu du: "bide honetatik jarraituko dugu legegintzaldiko hurrengo lau urteetan".
Gainera, 2016ko osoko bilkuran hartutako erabakiari buruz hainbat pertsona partikularrek aurkeztutako alegazio bat onetsi da gaurko saioan. Erabaki horren bidez, hasierako onespena eman zitzaion Hiri-antolamendurako Plan Orokorraren (HAPO) aldaketari, Algortako Sarrikobasoko 31.3 unitatean 64 etxebizitza (horietako 28 babes ofizialekoak) eraikitze aldera. Alegazio hori baiesteak ordenazio-proposamena berriz formulatzeko beharra dakar, Urduñako Mendatea kaleko 6. eta 8. zenbakietan kokatutako lurzatia gehitu ahal izateko. Ondorioz, jarduketak atzera botatzea adostu da, ordenazio-proposamen berria formulatu eta, ondoren, hasieran onesteko aurkeztu ahal izateko.
EAJk eta PSE-EEk adierazi dutenez, horrek ekarriko duen atzerapenaz kontziente diren arren, alegazio hori onartzeak onura ekarriko dio udalerriari: "hirigintzako konponbidea eta babes ofizialeko etxebizitzen kuota hobetzea ekarriko du, eremu publiko (berdegune) gehiago sortuko ditu, etxebizitza publikoa duinagoa eta librearen antzeko kalitatekoa izango da, eta inguruari zerbitzua emateko nahikoa aparkaleku egongo dira".
PPk aurka bozkatu du, arrazoi hauek tarteko: "13 urtez Sarrikobasoko etxebizitzen jabeekin hizketan aritu ondoren eta Algortaren hirigintza-garapenerako PNV-PSE eta PPren arteko akordioaz geroztik hiru urte igaro diren honetan, zeinak etxebizitzak ahalbidetzeko HAPOren izapide hori barne hartzen baitzuen, PNVk eta PSEk orain hori guztia alde batera utzi eta egindako lana zakarretara bota nahi dute. Bada, horrek atzerapena eta kalteak eragingo dizkie Sarrikobasoko jabeei". EH Bilduk proposatu du mahai gainean uztea Sarrikobasoko jabeen proposamena, baztertu egin dena, aztertzeko puntua. Azaldu duenez, "HAPOren aldaketa partzialen eta egoera txarrean eta arrakalaz josita dauden Sarrikobasoko etxebizitza horien eraberritzeari ekarriko dioten atzerapenaren aurka" daude. Elkarrekin Podemosek ere aurka bozkatu du, "Sarrikobasoko jabeei eragingo dien kalteak" direla eta.
Beste gai batzuk eta kontu-emateak
Osoko Bilkurak onetsi egin du, EAJ, PSE-EE eta PPren aldeko botoakaz eta EH Bildu eta Elkarrekin Podemosen aurkako iritziagaz, ostalaritza-zerbitzuarentzako prezio publikoa ezartzea Muxikebarri Antzokiko ekitaldietan, eta Gobernu Batzarrari eskuordetzea kontzeptu bakoitzaren zenbatekoak zehazteko ahalmena.
Bestalde, aurkeztutako kontu-emateen artean Bozeramaileen Batzordearen erabakia dago (aho batez hartu zena), Emakumeen Aurkako Indarkeriaren kontrako Nazioarteko Egunari lotutakoa. Indarkeria mota horren egiturazko izaera berresten du eta emakumeen aurkako indarkeriarik gabeko gizartea eraikitzeko konpromisoa adierazten du.
Mozioak
Era berean, testigantza izaeragaz, lau mozio onetsi dira:
- PPk aurrera atera du 70 urtetik gorakoei eta desgaitasuna duten pertsonei (udalerrian erroldatutakoei) etxez etxe liburuak mailegatzeko zerbitzua ezartzeko proposamena. EH Bilduren zuzenketa bat gehitu zaio, zeregin horretaz boluntario-sare bat arduratu dadin.
- EH Bilduk aurkeztutako bi mozio ere onetsi dira. Lehenengoak eskatzen du, hainbeste urteko esperientziaren arrakastaren ondoren, Zinekluba Muxikebarriko programazioan sartzea, hura ere Andrés Isasiren programazioan integratzeko aukera aztertuz, eta bonuak ezarriz. Gobernu taldeak adierazi du 2020rako sartuko dela.
- EH Bilduren bigarrenak azterlan bat egiteko eskatu du, Algortako gasolindegi zaharraren eta udaletxearen arteko zatia noranzko bakarreko errepide bihurtzeko, espaloiak zabaldu eta trafikoa murrizteko. Hori dena parte hartze izaerako prozesu baten bidez bizilagunen iritziak eta ekarpenak aintzat hartuz eta azterlan horretarako nahiz hortik eratorritako lanetarako partida ekonomiko bat bideratuz.
- Elkarrekin Podemosek lortu du, baita ere, Hiri Debekatuaren mapa modu parte-hartzailean eguneratzeko mozio bat onartzea, hirian emakumeen ahalduntzea sustatuz eta hiria modu seguruan erabili ahal izan dezaten bultzatuz, eta udalaren webgunean argitaratuz.
Azkenik, greba mugagabean dauden Getxoko Akuarioko langileek elkarretaratzea egin dute udaletxeko zabalgunean, eta Udalaren inplikazioa eta konponbideak eskatu dituzte euren lan-gatazkari irtenbidea emateko. Horren aurrean, Amaia Agirre alkateak adierazi du alde bietako bilera bat egingo dutela, gatazka hori dena aztertu ahal izateko.