Getxoko Udalak 105,2 milioi euroko aurrekontuak onartu ditu 2020rako

Erredakzioa 2019ko abe. 2a, 09:45

Barikuan egindako ezohiko osoko bilkuran onartu zuen Getxoko Udalbatzak 2020rako Aurrekontu Orokorraren Proiektua, EAJk eta PSE-EEk alde bozkatu ondoren; oposizioko talde denek horren kontra egin zuten. Azken horiek osoko zuzenketa bana aurkeztu zuten, baina atzera bota zituzten, baita eztabaidarako eta bozketarako onartutako 46 zuzenketa partzialak ere, tartean alkatearen eskumenak murrizteko bostak.

Joan den barikuan, azaroaren 29an, onartutako aurrekontuak 11 zuzenketa partzial jasotzen zituen, Antolakuntza eta Kontuetako Informazio Batzordean onartu zirenak (5 Elkarrekin Podemosenak, 4 EH Bildurenak eta 2 PPrenak), eta guztira 324.000 euroko zenbatekoari eragiten diote. Eztabaidan, oposizioak "kontinuistatzat" jo ditu aurrekontuak, eta uste du ez dietela "Getxoren benetako beharrei erantzuten"; Gobernu-taldearentzat, berriz, "hedakorrak" dira.

 

Oposizioaren zuzenketa denak, baztertuta

PP

PPren ustez, aurrekontu horiek Gobernu-taldearen "utzikeria" islatzen dute, eta diru sarrerak kritikatu ditu; izan ere, "Zirkulazio Zergaren 1,1eko igoeratik abiatzen da, eta Getxo Kirolak, Musika Eskola eta Munduko Egoitza tasen % 5etik, igoera hori justifikatzen duen inolako hobekuntzarik edo prestazio gehigarririk gabe. Helburu bakarra 'kutxa egitea' da, 40 milioi eurotik gora diruzaintzako geldikina gastatu gabe baitago ". Gastuei dagokienez, popularren ustez, % 90 gestio arruntean gastatzen da (udaletxeko pertsiana igotzea, soldatak…); diru sail txikia dago Getxoko bizi kalitatea hobetuko duten inbertsio errealetarako, eta proiektu handi bakarra Areetako plazaren eraberritzea da. Era berean, PPk "gazteentzako etxebizitzetan egindako gastu eskasa, merkataritza indartzea...", salatu du.

Bozketarako onartu diren PPren 18 zuzenketa partzialen artean, baztertuak izan direnak, honako hauek daude: Algortako San Martin eraikina konpontzea, txakurrentzako Agility parkeak egitea, Andra Marirentzako kanpoko igerileku bat eraikitzea, denda-haztegi bat sortzea, GetxoBizin haurrentzako bizikletak eta bizikleta elektrikoak areagotzea, Gobela ibaiaren ertzean ibai-pasealeku bat egitea, oinezkoentzako pasabide bat eraikitzea Portu Zaharra eta Arrigunaga artean eta Ibar Nagusien Elkarteak okupatzen duen eraikina, Algortako Gasolindegia eta Galeako gotorlekuaren eraberritzea.

EH Bildu

EH Bilduren ustez, aurrekontu horiek "legeriara moldatze hutsa dira, opakoak eta gardentasunik gabekoak, kontrol politikoa saihesteko, baina egia da Getxo Kirolaken aurrekontua salbatzen dela". "Aurrekontutik emantzipaziorako laguntzak desagertu izana" ere kritikatu du; "ia ez dago inbertsio berririk, nahiz eta Muxikebarrirako inbertsioa 2,1 milioi baino gehiagokoa izan, behin eta berriz eskatzen ari garen kudeaketa planik gabe. Ulertzen dugu, bestalde, EAJk eta PSE-EEk nolabait zorra kendu nahi izatea, baina badaude beste bide batzuk hori kentzeko”. Diru-laguntzei dagokienez, EH Bilduk dio kirol eta kultur taldeek jasotzen dituzten diru-laguntzak izoztu egiten direla, eta horrek ez diela erantzuten sozialki Getxoren beharrei.

Talde ezkertiarraren bozketarako onartutako 10 zuzenketa partzialak baztertu egin dira, besteak beste, Getxon hiri-autobuseko zerbitzu bat garatzea, kirol-eremurako eta emantzipaziorako eta etxebizitzarako laguntzak ematea, sakabanaketaren ondorioz presoen sendientzat laguntza berreskuratzea (2017an kendu zen), "Getxo txartela" merkataritza sustatzeko eta saltokiak eskualdatzeko programak bultzatzeko, besteak beste.

Elkarrekin Podemos

Alderdi horrentzat aurrekontuok "ez dakite beste atzeraldi ekonomiko baten atarian gaudela, eta herritarrak gero eta itoagoak sentitzen direla: tasak % 5 igo dira, eta zerga batzuk, berriz, % 1,1". Elkarrekin Podemos taldea ez dago ados dirua banatzeko moduagaz, ezta lehenesten diren helmugakaz ere. “Aurrekontuaren % 32 hirigintzarako izango da, baina oso txikia da alokairuko babes ofizialeko etxebizitzetarako erabiliko den portzentajea; halaber, gizarte-gaietarako % 9,6 erabiliko da, eta berdintasunerako % 3,7. Getxo elitista eraikitzen ari dira; izan ere, Getxo Kirolaken tasak instalazio pribatu batenarekin alderatu daitezke, eta badirudi Kultur Etxeak kuotak ezarri nahi dituela kultura kontsumitu nahi dutenentzat". Taldearen ustez, aurrekontuak ez dira eztabaidatu hiru urtez, "ez delako inorekin akordiorik egin nahi izan".

Talde horrek egindako 18 zuzenketa bozkatu dira eta horiek ere baztertu dira. Horien bitartez, besteak beste, hauxe eskatzen zuten: pobreziaren atalasean dauden pertsonei gehiago laguntzea, emakumeentzako etxe bat martxan jartzeko partida bat hornitzea, bi haur-eskola jartzeko azterlan bat egitea, pedala jartzea edukiontzietan, eta Itzubaltzeta/Romoko Ibar Nagusien Etxea elkarteak erabiltzen duen eraikina mantentzea.

Gobernu-taldearen iritzia

Ogasuneko zinegotzia den Ignacio Uriarteren ustez, "EAJ eta PSE-EEren gobernuak duen gehiengoa erosoa da oposizioarentzat, konpromiso politikotik ihes egiten duelako eta gobernuarentzat gordetzen duelako". Era berean, honakoa adierazi du: "aurrekontuak urrian eman zitzaizkion oposizioari, azaldu egin ziren, zalantzak argitu ziren, zuzenketak dagokion batzordean eztabaidatu dira eta orain ezohiko osoko bilkuran eztabaidatzen dira (oposizioak eskatzen zuen bezala). Aurreko legealdian akordioak lortu genituen alderdi politiko guztiekin, GUKekin izan ezik. Elkarrekin Podemos da akordioak lortzeko ahaleginik egiten ez duen alderdi bakarra". Nolanahi ere, Uriartek azpimarratu duenez, "etorkizunari begira, hurrengo hiru urteetan akordioetarako eremu zabalagoa egongo dela uste dugu".

Carmen Diaz sozialisten bozeramailearen esanetan, berriz, "Aurrekontu hauek ezberdinen arteko akordio baten emaitza dira, gehiengo legitimoa dute eta oposizioak aurkeztutako zuzenketen % 23 jasotzen dituzte, eta horregatik hobeak dira".

Ogasuneko zinegotziak duela egun batzuk aurreratu zuen bezala, "Diru-sarrerak aurrekontuan sartu dira, zuhurtziaz bada ere, ziklo ekonomiko hedakorra helduta dagoela eta jarduera ekonomikoari lotuta dauden zergen dinamismo handiagorantz lekualdatu behar dela kontuan hartuta, hala udal-zerga propioei dagokienez nola Bizkaiko Foru Aldundiarekin (Udalkutxa) itundutakoei dagokienez. Era berean, udal-zergak eta erakunde autonomoen tasak eguneratzeko proposamena islatzen da". Zentzu horretan, zinegotzi jeltzalearen esanetan, "aurrekontu hau prest dago balizko dezelerazio baterako; diru-sarrerak indartzen ditu eta diru-sarreren eta gastuen arteko oreka bermatzen du. Gainera, behar izanez gero, Udalaren aurrezkiaz balia gaitezke".

Zorra

Zorrari dagokionez, maileguen saldoa 5 milioi eurotan utzi arte murriztea aurreikusten da; hala ere, azaldu dutenaren arabera, udal-gobernuaren asmoa da saldo hori erabat ezabatzea eta 2020ko ekitaldian zehar ezerezean uztea. Ildo horretatik, PSE-EE alderdiaren bozeramaileak azpimarratu duenez, "Diru-sarrerak handitzeak eta zorra amortizatzeak aukera emango digu etxebizitzara iristeko arazoari irtenbide eraginkorrak emateko; kalitatezko gizarte-zerbitzuen eta ekintza komunitarioko zerbitzuen alde egiten jarraitzeko; berdintasunerako zerbitzuaren udal-aurrekontua % 30 baino gehiago handitzeko; garapenerako lankidetzarako aurrekontuaren % 0,7 bermatzeko; ingurumenaren jasangarritasunarekiko eta zaintzarekiko dugun konpromisoan, sustapen ekonomikoan eta merkataritza-sareari eta elkartegintzari emandako laguntzetan aurrera egiteko. Aurrekontu parte-hartzaileak ere sartzen ditu, herritarrek proposatutako inbertsioetan milioi bat eurorekin, esaterako Areetako Xake plaza egokitzea".

Beste alde batetik, Ogasuneko zinegotziak gogorarazi duenez, “Zorra murrizteak mesede egingo die eman beharreko laguntza eta diru-laguntzei; Azpiegitura, Obra eta Zerbitzuen Arlorako portzentajerik handienak hauen moduko zerbitzuak hartzearekin du zerikusia: zabor-bilketa, organikoaren bilketa lehenetsiz; garbiketa eta lorezaintza; eta gastu arruntetan aurrekontuan sartu da langileriari dagokiona, lanpostuak eta lan-baldintzak hobetuz”.

Zuzenketa partzialak, atzera

Atzera botatako zuzenketa partzialei dagokienez, Udal-gobernuak honakoa adierazi du: “horietako askoren destinoen filosofiarekin bat gatoz, baina lehentasuna beste bat da, beste irizpide batzuei erreparatuz. Batzuk aurreikuspenetan daude, eta beste batzuekin ez gaude ados". Gobernuak aurrekontuotan onartutako 11 zuzenketak azpimarratu ditu, funtsean Gizarte-kohesioko udal-politiketara bideratutako aurrekontua handitzera bideratuta daudenak (45.000 euro gehiago; horietatik 30.000 euro izango dira zahartze aktiboko politikak areagotzeko), baita animalien eta gizon-emakumeen arteko bizikidetzarako (83.000 euro gehiago), segurtasuna hobetzeko (101.000 euro gehiago), sustapen ekonomikorako (20.000 euro gehiago) eta haur-parkeen mantentze-lan handiagoetarako (50.000 euro gehiago), eta emakumeen eta gizonen arteko berdintasun politikak sustatzeko ere, zehazki, kirola egiteko diru-laguntzak emateko (25.000 euro gehiago).

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun