Aparkalekua eraikitzeko obrak hasi aurretik zegoen parkea berriz urbanizatu eta berreskuratu gura da, lehengo estetika mantenduz, zuhaitzak eta guzti, baina eremuaren irisgarritasun bermatuta, argiztapen berri eta eraginkorrez eta altzariz hornituz, gune horretako egonaldiaz gozatu ahal izateko. Hala, besteak beste, honako jarduketa hauek aurreikusten ditu proiektuak: lurraren zoladura eta espaloiak egitea; lorezaintzako ontziak betetzea hainbat zuhaitz-espezie landatuz eta soropila ereinez; sareak bideratzea (drainatzea, ureztatzea, argiteria publikoa…); eta hiri-altzariak jartzea, hala nola bankuak, aulkiak, paperontziak, desnibelak babesteko barandak eta itxiturak, eskudela arrapala eta eskaileretan eta seinale bertikal eta horizontalak, baita edateko uraren iturri bat ere.
Daborduko estalkia hormigoiztatzeko lanak amaitu dira, eta estalkia iragazgaiztu bitartean, barruko instalazioetan lanak hasiko dira. Orain arte proiektuan aurreikusitako exekuzio epeak betetzen ari dira eta, ondorioz, Udalak herritarrakaz hartutako konpromisoa ere bai. Aurtengo otsailaren amaieran hasi ziren aparkalekua eraikitzen.
Aparkalekuaren eraikuntza Algortako erdiguneko bideak berrantolatzeko proiektuaren barruan dago, eta 247 aparkaleku edukiko ditu, hiru solairutan banatuta. Guztira eraikiko den azalera 9.000 metro koadrokoa da eta Algortan txandakatze sistemako lehenengo aparkalekua izango da, egoiliar eta abonatuentzat izateaz gainera.