Organoaren zaharberritze-lanak 18 hilabete iraun du eta Alejandro Turanzas organo maisuak zuzendu du konponketa. Parrokiako eliztarrek eta musikazaleek bultzatu dute; 60.000 euroko kostua izan du eta Udalak, Andrés Isasi Musika Eskolaren bitartez, 6.000 euro finantzatu ditu. Gainera, kontzertuen programarako 2.775 euroko diru-laguntza eman du Udalak.
Txema Batarrita organoaren zaharberritzea bultzatu duen batzordeko bozeramaileak azaldu bezala, 1908an Parisko Organo Handien Manufaktura J.Merklin & Cie tailerretan Algortako Bariko San Nikolas elizarentzat eraikitako tresna da. Garai hartan 28.500 pezeta balio izan zuen, Jose Antonio de Uriartek eta Sustachak eman zuten horretarako dirua. Haritz zurez egina dago, eta barruan 1.500 hodi baino gehiago ditu, eztainuzko eta berunezko aleazioan eginak. 56 notatik gorako eskuzko bi teklatu eta 30 notako pedalier bat ditu. Barruan animalia-larruzko hiru fuel ditu, konponketa honetan guztiz berritu direnak, baita horiek elikatzen dituen haizagailu elektriko isila ere.
Amaia Agirre alkatea pozik agertu da tresna hori berreskuratu delako, udalerriko ondare eta kultura aberastasun handiaren erakusgarri baita: "Getxo da, Bilborekin batera", esan du Agirrek, "organoaren munduan ondare aberastasun handiena duen Bizkaiko udalerria. Hainbat dira gure udalerrian nabarmendu beharreko organoak. Horien artean, estilo erromantikoko San Nikolas organoarekin batera, Andra Mari elizakoa (erromantiko-berantiarra) ere aipa dezakegu, Corpus Christi elizatik ekarri zena, edo Las Mercedeseko organoa, estilo neo-barrokokoa, Madrilgo Errege Antzokitik etorri zena. San Nikolaseko organoaren aipamen berezia egiten dugu gaur. Azken urteotan maisu handien eskutik entzuteko aukera izan dugu, baina bere hondamenak bere onena eskaintzea eragozten zuen. Orain hasten da harentzat garai berri bat, eta, Udaletik, hura balioan jartzen lagundu nahi izan dugu".
Kontzertuak
Abenduaren 6ko ospakizunari, San Nikolas Egunari, beste bi kontzertu gehitu behar zaizkio. Abenduaren 27an, 20:00etan, Daniel Oyarzabalek kantaldia eskainiko du eta urtarrilaren 25ean Aitor Olea organo-joleak joko du Patricia Sesar sopranoak lagunduta.
Hurrengo hilabeteetan hainbat jarduera antolatuko dira, hala nola kontzertuak, bisita gidatuak korura eta organora, eta hitzaldi eta solasaldiak organo horri eta antzeko beste batzuei buruz.