Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalaren 70. urteurrenaren harira, gaur egun Getxon ikus daitekeen erakusketa ibiltaria antolatu zuen iaz Nazio Batuen Erakundeko Giza Eskubideen Bulegoak, Cartoon Movement taldeagaz elkarlanean. Horretan, mundu osoko hainbat ilustratzailek egindako 30 bineta ikus daitezke, adierazpen bakoitzeko bana. Hala, 5. artikuluari dagokionak, torturari buruzkoak, alegia, Ertzaintzako ERNE sindikatuaren ezinegona eragin du eta bineta hori kentzea eskatu du. Irudi horretan istiluen kontrako uniformez jantzitako hiru polizia ageri dira, Giza Eskubideen Adierazpenaz barre egiten.
"5. artikulua: Ezin da inor torturatu, ezta inori zigor edo tratu txar, anker eta lotsarazlerik eman ere"
Getxoko Udalak ez du bineta kenduko
EITBk zabaldutakoaren arabera, Getxoko Udalak sindikatuari erantzun dio bineta kenduko ez duela esanez; UNESCO Etxeak, ildo beretik, azpimarratu du binetan esandakoak ez duela zerikusirik Ertzaintzagaz eta beste herrialdeetako poliziaren jarrera islatzen duela.