Algortako Portu Zaharreko ezpondari eusteko eta bidearen azken zatia urbanizatzeko lanak esleitu ditu (I. fasea) Getxoko Udalak. Proiektu horrek 175.000 euroko aurrekontua du, eta hiru hilabeteko egikaritze-epea. Jarduera-eremuak 1.100 metro koadro inguruko azalera hartzen du. Ingurua duela hiru urtetik itxita dago segurtasun kontuengatik, higadura naturalak eragindako ezpondaren ezegonkortasun partzialaren ondorioz gertatu ziren harri luizien ondorioz.
Jarduera horrek helburu bikoitza du. Alde batetik, ezpondan noizean behin gertatzen diren arroka jauziak balaztatzeko eta atxikitzeko neurriak ezarriko dira, harriak urbanizatutako eta erabilera publikoko eremura iristeko aukera arintzeko. Hori dela eta, kaiko hondoko zatia itxita geratuko da, oinezkoak bertara sartu ez daitezen; izan ere, eremu horretan (ez da Udalaren eskumenekoa) harriak erortzen dira.
Bestalde, kaiaren amaierako eremua urbanizatuko da ibilgailuen zirkulaziorako bideen baldintzak hobetzeko, biribilgune bat eginez eta galtzada fresatuz.
Gainera, eremu horretako argiztapena hobetuko da, euri-uren, ureztatzearen eta argiteriaren sareen kanalizazioak egingo dira, eta seinaleztapena eta hiri-altzariak jarriko dira. Azkenik, lorezaintza lanak egingo dira, lurra ereinez.