Bizkaiko Foru Aldundia eta Udalaren arteko finantzaketa-hitzarmena eten ondoren, Aquariumeko zerbitzua 2020ko urtarrilaren 31n bertan behera uztea proposatu du Getxoko Gobernu-taldeak, akuarioa kudeatzeko esleipena daraman enpresagaz (Disetecmar SL) sinatutako akordioa amaitzen den unean, hain zuzen ere.
2006ko maiatzean Abra Aquarium zenaz kargutuko zela iragarri zuen Getxoko Udalak, Bizkaiko Foru Aldundiaren Ingurumen Sailaren laguntzagaz. Ordutik, zentro horren kudeaketa-lanak egiteko lehiaketa publikoak egin ditu Getxoko Udalak; lehenengoa Aquagestión de Equipamientos SL enpresak lortu zuen, "eta horrek Disetecmar SL enpresa azpikontratatu zuen zeregin horretarako", grebalariek azaldu dutenaren arabera. Bigarren lehiaketa, aldiz, azken enpresa horrek irabazi zuen, 2016an. Lizitazioak lau urtekoak dira, beraz, behin-behinean 2020ko urtarrilaren 31ra artekoa da enpresa horren ardura, baina hortik aurrera Udalak urtebeteko luzapena egin dezake, birritan gehienez ere. Hala ere, Bizkaiko Foru Aldundiak zerbitzu horren finantzaketa etetea erabaki duenez, akuarioaren kudeaketa osoa Getxoko Udalaren gain geldituko litzateke 2020tik aurrera, Aldundiagaz izandako hitzarmena aurten likidatu ondoren (244.257,11 euro). "Udalerrian zerbitzu hori mantentzeak eragingo duen etengabeko gastua ez da onargarria Udalarentzat, 244.000 euro ingurukoa; izan ere, beharrizan garrantzitsuagoak daude gaur egun udalerrian, eta uste dugu diru-kopuru hori beste helburu batzuetarako bideratu beharko genukeela", azaldu dute udal-arduradunek. Hala, akuarioaren kudeaketarako esleipen-kontratua ez luzatzea proposatu dute.
Zerbitzuaren etetearen ondorioz, udal-arduradunek azaldu dute akuarioan dauden arrainak eta bertako instalazioak beste akuario batera eramateko lanak egin beharko direla, "animali horien mantenua eta ingurumen dibulgazioari jarraipena emateko".
Grebalariek borrokan jarraituko dute
Joan den urritik greba mugagabean dauden beharginek esan dute erabaki horren inguruko informazioa prentsaren bitartez jaso dutela. Euren etorkizunera begira jarrita, kexatu dira erabaki hori hartzeko moduez: "Argi gelditu da erabakia joan den urtetik hartuta zegoela". Horren harira, gaur bilduko dira grebalariak, baina borrokaldia mantendu egingo dutela iragarri dute.