Pertsona bi atxilotu dituzte Getxon ustez dirua faltsutzeagatik

Erredakzioa 2019ko abe. 13a, 09:46
20 euroko billetea, artxiboko irudian.

Getxoko Udaltzaingoak gizon bi atxilotu zituzten herenegun, eguaztenean, udalerriko hainbat establezimendutan diru-paper faltsuak erabiltzea egotzita.

Duela egun batzuk, herriko ostalari batek Udaltzaingoari jakinarazi zion gizon bat bere lokalean 20 euroko billetea erabilita erosten saiatu zela, eta horrek ostalariaren susmoak eragin zituen. Ondoren, gizona korrika atera zen lokaletik. Hala, Getxoko poliziak erabiltzen duen SMS sistema erabili zuen udalerriko merkatariei eta ostalariei gertatutakoaren berri emateko.

Ondoren, joan den eguazten arrastian, Algortako okindegi bateko jabeak poliziari ere deitu zion, gizon bi bere lokalean "billete faltsu bat erabiltzen" saiatu zirela jakinarazteko.

Berehala, uniformerik gabeko agenteek dispositibo bat ezarri zuten, susmagarri biak topatzeko. "Saltzaileak emandako deskribapena funtsezkoa izan zen kasu honetan, oso zehatza izan baitzen batez ere jantzietan", azaldu dute udal-iturriek.

Hala, 15 minutuko bilaketaren ondoren, gizon biak beste lokal batean detektatu zituzten, "eragiketa bera egiten saiatzen ari zirela". Ordainketa egiteko unean, dendaria engainatzea lortu ei zuten.

Pertsona horiei 20 euroko 15 billete faltsu atzeman zizkieten, jaka baten barruko poltsikoan ezkutatuta zituztenak, eta, ondorioz, atxilotu eta epailearen esku utzi zituzten, dirua faltsutzea egotzita.

Billetea ukitzearen garrantzia

Udaltzaingoak jakinarazi du beti izan behar dela "mesfidantza puntu bat" itxura txarra duten billeteakaz ordaintzen duten pertsona ezezagunekiko. Horrela, garrantzitsua da hura ukitzea, benetako baten eta faltsu baten arteko ukimena nabarmen aldatzen baita. "Billete batek dituen segurtasun neurriak askotarikoak dira. Faltsutzaileek lortu dute horietako askok jatorrizkoen antza izatea", diote polizia adituek. "Baina egia da papera oraindik faltsutzea zaila dela, eta, beraz, billetea asko ukitzea gomendatzen da", gaineratu dute.

Azkenik, Udaltzaingoak gogorarazi du Gabonetan gertutasun- eta segurtasun-dispositibo bat ezarriko duela, uniformedun eta uniformerik gabeko agenteek oinezko zerbitzua indartzeko, horrelako gertakarien aurrean erantzun azkarra eta zehatza emateko.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun