Getxoko Gobernu-taldeak (EAJ eta PSE-EE) Lurralde Batzordean jakinarazi du Salsidu eta Fadura arteko bidea berrantolatzeko proiektuan ez dela aurreikusten gaur egun Maria Ybarra plazan dauden Viviendas de Vizcayaren ikurrak mantentzea, PPk deitoratu duenez. Horren aurrean, Eduardo Andrade bozeramaile popularrak adierazi du "leku enblematikoa" dela hori eta plaza horren izena Maria Ybarra izan arren, gune hori Las Uves izenagaz dela ezagunagoa.
Gobernu-taldeak azaldu du ikur horiek botatzeko erabakia hartu duela ez dutelako "inolako" eskaerarik jaso horiek mantentzeko. Hala ere, popularrek diotenez, "inguru hori berregituratzeko proiektua aurkeztu zenean ikurrok agertzen ez zirela ikustean, hainbat auzokidek horiek mantentzeko eskaerak egin zituzten. Are gehiago, horretarako sinadurak batzen hasi dira change.org plataformaren bitartez (artikulu hau idazterako orduan 14 sinadura zeuden)".
PPk gaineratu duenez, "ikur horiek udalerri honetako sinbolo bat bilakatu dira, inolako erreferentzia politikorik gabekoa; hala ere, gure udalerriaren historiaren parte dira eta auzokide denontzat erreferente bilakatu dira". Hori dela eta, horiek mantentzeko eskaera egin diote Gobernu-taldeari.