Getxoko TAO zerbitzuan lan egiten dutenek azaldu dutenez, urtebete baino gehiago eman dute horren kudeaketa daraman EYSA enpresagaz negoziazio mahaia ireki guran. Azkenik, 2018an hori lortu eta 2019rako akordioa erdietsi zutela iragarri dute: "Gure helburua oso argia zen: gure lan-hitzarmena blindatu nahi genuen".
Hala, bost urteko iraunaldia izango zuen hitzarmena adostu zuten langileek eta enpresak (2016-2020). Akordio horrek hainbat konpromiso biltzen zituen, hala nola KPIari lotutako soldataren igoerak; urtean 9 lanordu gutxiago izatea; eta hobekuntzak hainbat lizentziatan. "Hitzarmena aplikatzeko bermea baloratzen genuen batez ere. Orain, ordea, Getxoko Udalak enpresarekin zeukan kontratuaren baldintza ekonomikoak aldatu eta gutxitu dituela dio enpresak, eta, beraz, 'ez dela gai' langileekin adostutako lan-hitzarmena sinatu eta aplikatzeko", deitoratu dute beharginek. Horren aurrean, Getxoko Udala egoera horren erantzule ere badela salatu dute, "udal-zerbitzua delako". Egoera horren denaren aurrean, greba deitu dute abenduaren 21erako, 23rako eta 24rako.
Getxoko Gobernu-taldeak, bere aldetik, HIRUKAri jakinarazi dio Udalak ez duela 2018tik indarrean dagoen kontratu-lizitazioaren klausula "bakar bat bera ere" aldatu. Are gehiago, azaldu duenez, Udala lan-gatazka hori "hurbiletik" jarraitu du uneoro, "zerbitzu publiko bati eragiten baitio". Hala ere, enpresaren eta langileen arteko lan-harremanak negoziazio kolektiboaren kontu bat direnez gero, inplikatutako bi alderdi horien artean konpondu beharreko auzia dela uste dute udal-arduradunek.