Algortako San Nikolas plazatik abiatuta, dozenaka lagunek euskal presoen etxeratzearen aldeko kalejira egin zuten atzo, domekan. Horren amaieran, datorren urtarrilaren 4an plaza horretan bertan egingo duten ekimenera gonbidatu zituzten gerturatu ziren denei; horretan, Atera bidera, presoak etxera! dinamikaren aldeko atxikipenak bildu gura dituzte. Era berean, urtarrilaren 11n SAREk Bilbon deitu duen manifestazio nazionalean parte hartzeko deia egin zuten.
Bihar, abenduaren 24an, atzo Algortan egindako kalejira birproduzituko dute Itzubaltzeta/Romon, Olentzeroz lagunduta, 18:00etatik aurrera presoen aldeko afera auzo horretan hedatzeko.
Atzoko kalejiraren irudiak:
Algortako SAREk atzo irakurritako oharra:
Beste urte bat agortzear eta, oraindik, presoak sakabanatuta eta salbuespen neurrien menpe.
Beste urte bat agortzear eta hainbeste ohe huts, giza eskubideak urraturik, gure herrian.
Beste urte bat agortzear eta sua datorkigu burura, neguko solstizioko su garbitzailea. Behingoz sasi zikin guztiak erreta preso guztiak etxera ekarriko dituen sua.
Baina suaren garra mantendu beharra dago eta hori guztioi dagokigu; egin ditzagun txandak hauspoari eragiteko eta suak iraungo du, bere berotasunaz presoak etxeratu arte.
Has gaitezen, beraz, eta elkar gaitezen hemen urtarrilaren 4an, atxikimenduak adierazteko, urtarrilaren 11n Bilbon eta egin dezagun ahal dugun guztia, gauden tokian gaudela, suaren garra piztuta mantentzeko.