Jarduerak aipatutako eraikinaren hirugarren solairuan eskainiko dira. "Espazio horrek aisialdi osasuntsuaren ikuspuntu batetik jarduera multzo bat eskaintzen du zahartze egokiaren garapenerako indarra jarriz, eta aldi berean, mendekotasun egoeretarako prebentzioa garatzeko, isolamendu sozialeko egoerak saihesten saiatuz", azaldu Arantza Ricak, Zahartze Aktiboko zinegotziak.
Jarduerak
Urtarriletik maiatzera bitartean izango diren berritasunak estimulazio kognitiboa lantzeko Adimenerako Erronkak ekimena eta Irakurketa Errazaren tailerra izango dira. Jarduera fisikoari dagokionez, Getxo Kirolakeko kideek mantentze gimnasia, pilates, yoga eta yoga eserita egin ahal izango dituzte.
Aurrerantzean erorikoen prebentziorako tailer bat antolatuko da. “Ibiltzeko kedadak” antolatzen segituko da, jarduera fisikoa egitagaz batera, bizikidetza, gizarte harremana, kultura eta aisia sustatzeko.
Osasun solasaldi zikloak, Osakidetzaren Areetako Osasun Zentroaren laguntzagaz eta Oroimen eta Smarphoneari buruzko tailerrek jarraipena izango dute.
Eta hilabetean behin, zapatuetan dantza orkestragaz izango da, eta eguenetan, Zineadin, pelikulen proiekzioen zikloa. Josketa solidario eta Kontatu Erretratatu Hau tailerrak ere egingo dira, eta ile apaindegia, podologia eta masajista zerbitzuak ere eskaintzen segituko da.
Izen-ematea
Datorren urtarrileko 2tik 21era zabalik egongo da hurrengo jardueretarako izena emateko epea:
- Yoga eserita (astelehen eta eguaztenetan, 09:00etatik 09:50era)
- Smartphone iniziazioa (urtarrilaren 22an eta 29an, 10:30etik 12:30era)
- Adimenerako Erronkak (astelehenetan, 17:00etatik 18:00etara)
- Irakurketa Errazaren tailerra (martitzenetan, 17:00etatik 18:00etara).
Jarduerei buruzko informazio gehiago udal webgunean eta RKEn, eta 944 660 022 telefono zenbakian.