Alonso kalea plataforma bakarreko bide bihurtuko da, oinezkoei lehentasuna emateko

Erredakzioa 2020ko urt. 3a, 12:53
Alonso kalea, artxiboko irudian.

Itzubaltzeta/Romoko Santa Eugenia eta Urkizu kaleen artean dagoen Alonso kalea oinezkoentzako bihurtuko da. Getxoko Udalak kale hori berriro urbanizatzeko lanak lizitaziora atera ditu; denera, 1.530 metro koadroko azalera du kale horrek.

Jarduera hau Getxoko Udalak duela urte batzuk abian jarri zuen Itzubaltzeta/Romoko hirigintza biziberritzeko planaren zati bat da. "Azken urteotan, Romon hainbat eremutan jardun da, eta horietan nabarmen hobetu dira ibilgailuen zirkulaziorako eta oinezkoentzako guneak. Pixkanaka egiten joan diren jarduera horien barruan, eta bizilagunei egin beharreko proiektua aurkeztu ondoren, Alonso kalea berriz urbanizatzeko lan horiek lizitaziora atera ditugu orain", azpimarratu du Janire Ocio Azpiegitura, Obra eta Zerbitzuen Arloko zinegotzi arduradunak.

Gaur egun, zirkulazioaren noranzko bakarreko galtzadak osatzen du Alonso kalea, 9,20 metroko zabalerakoa, eta aparkalekuak ditu galtzadaren bi aldeetan (zeiharra batean eta lerroan bestean).

Kalea plataforma bakar bihurtzeko proiektuak espaloiak handitzea aurreikusten du. Espaloi horiek 1,5 metro inguruko zabalera dute, eta handitu egingo dira indarrean dagoen irisgarritasun-araudiaren eskakizunak betetzeko. Horretarako, egungo sestrak aldatu beharko dira, bai espaloietakoak, baita galtzadakoak ere.

Bestalde, Santa Eugenia kaleagaz lotzeko, ilarako aparkalekuak egingo dira galtzadaren alde bietan, dauden ibiak errespetatuz; eta Urkizugaz duen lotunean ere lineako aparkalekuak egongo dira, baina galtzadaren alde batean bakarrik. Era berean, azken puntu horretan, oinezkoentzako hiru konexio egitea aurreikusten da; beraz, oinezkoentzako pasabideak eta espaloiko luzapenak jarriko dira. Horrez gain, saneamendu, argiteria (zazpi argi puntu jarriko dira) eta telekomunikazio sareak berrituko dira, eta paperontziak eta loreontziak jarriko dira.

Lanek irauten duten bitartean, kontratistak uneoro bermatu eta erraztu beharko du ibilgailuentzako eta oinezkoentzako sarbidea, eta, beraz, faseka egingo da obra. Era berean, dibertsitate funtzionala duten pertsonentzat gordetako bi aparkalekuak ere mantenduko dira.

Obrek 3 hilabete iraungo dutela aurreikusi da, eta lizitaziorako oinarrizko aurrekontua 225.625 eurokoa da (BEZa barne).

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun