“Gomuta”, “Socialdog” eta “Iraun” proiektuak hautatu dituzte Wanted 2019ko 2. deialdian

Erredakzioa 2020ko urt. 7a, 11:05
Wanted egitasmoaren bigarren deialdiko saridunak. © GETXOKO UDALA

Proiektuen pertsona sustatzaileak ondorengoak dira: Kerman Sanjuan, Juan Ignacio Llorente eta Gaizka Urkizo (Gomuta); Jorge eta Alvaro Robledo eta Ander Gallego (Socialdog); eta Maitane Sarralde (Iraun). Proiektuek hurrengo zenbatekoak jasoko dituzte: 9.676,91 euro Gomuta-k; 8.923,09 euro Socialdog-ek; eta 9.200 euroko kontratazioa Iraun proiekturako.

Gomuta egitasmoa telefono mugikorrerako aplikazio bat da eta bere helburua da laguntza ematea buruko gaixotasunen bat dutenen senideei. Socialdog ere telefono mugikorrerako aplikazioa da; txakurra dutenei zuzenduta dagoen aplikazio horrek aukera emango du txakurra paseatzera irteteko orduan, denbora errealean eta mapa batean, beste erabiltzaileen kokapena eta haiei buruzko informazioa jakiteko. Iraun adineko pertsonekin egindako solasaldietatik abiatuta sortutako proiektu eszenikoa da. Bertan hainbat diziplina artistiko bilduko dira, besteak beste, dantza garaikidea eta dantza bertikala.

15 proiektu 2019an

Wanted programan guztira 15 proiektu aurkeztu dira 2019an. Amaitu berri den urteko bigarren deialdi honetan hautatutako hirurei (planteatutako zazpi deialdietatik) 2019ko lehen seihilekoan hautatutako laurak gehitu zaizkie (aurkeztutako zortzietatik): Gure, botila multifuntzional tolesgarria, maneiagarria, ekologikoa eta iraunkorra diseinatu eta merkaturatzeko proiektua; Line Guard, mediku-erabilerarako osagarri bat, bide endobenosoa edo arteria-bide kanalizatua ustekabean erauzi ez dadin; Corion streetwear motako arropa marka bat, munduan zehar streetwear estilo guztiak transmititzeko helburua duena; eta Haszten TV, kirolaren bidez dibertsitate funtzionala ikusarazi nahi duen online telebista programa bat, gizarte justuagoa eta bidezkoagoa lortzeko.

Wanted-ek saritutako bi film laburren estreinaldia RKEn

Romo Kultur Etxeak The laste heart eta Hondale film laburren emanaldia hartuko du, urtarrilaren 10ean, 20:00etan. Lehenengoa Wanted Lehiaketan 2017an saritu zuten, eta bigarrena 2018an. Proiekzioaren ondoren solasaldia izango da film laburren bi zuzendariakaz (Adrian Nogales eta Ainara Mentxaka, hurrenez hurren), baita lunch txiki bat ere.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun