Lur eta Amets Euskal Herriko abenturazaleek geldialdia egingo dute Getxon

Erredakzioa 2020ko urt. 8a, 11:41

Lur eta Amets filma otsailaren 7an estreinatuko da Euskal Herriko zinemetan; hala ere, aldez aurretik neba-arrebak hainbat hiri eta herritan geldituko dira pelikula aurkezteko eta ikuskizun abenturazalea eskaintzeko, tartean, Getxon. Romo Kultur Etxean izango da aurkezpena, urtarrilaren 19an, 12:00etatik aurrera.

"Gure herriaren historiaren irakurketa geure ikuspuntutik berreraiki eta eskuragarri jartzeko asmoz" sortu zuten Lur eta Amets proiektua Ikastolen Elkarteak, Katxiporretak eta Elkar argitaletxeak; 2015 urtean sortu zuten Lur eta Amets, Euskal Herriaren historia ezagutza-liburua eta ondoren sortu zituzten umeei zuzenduriko bederatzi ipuin eta galdera-erantzunetako mahai-jokoa.

Orain, ilustraziotik, gure kale, antzokietara eta pantaila handira salto egingo dute Lurrek eta Ametsek, urtarrilean zehar aurkeztuko den ikuskizunagaz eta otsailean estreiniatuko den filmagaz.

Lur eta Amets, ikuskizun-bira

Urtarrilean zehar, historiako gertakizun berezienetatik etorritako autobusean biraka ibiliko dira protagonistak, hilabetez Euskal Herrian zehar, otsailean estreinatuko den pelikula aurkezteko eta ikuskizun abenturazalea eskaintzeko.

Bira hori Durangoko Azokan estreinatu zen, filmagaz batera, eta otsailaren 7an zinemetara iritsi aurretik, 11 geldialdi izango ditu.

  • URTARRILAK 10: ARRASATE
  • URTARRILAK 11: BILBO
  • URTARRILAK 12: ALTSASU
  • URTARRILAK 17: EIBAR
  • URTARRILAK 18: GASTEIZ
  • URTARRILAK 19: GETXO (12:00etan, Romo Kultur Etxean)
  • URTARRILAK 22: IRUÑEA
  • URTARRILAK 29:DONOSTIA
  • URTARRILAK 31: BARAKALDO
  • OTSAILAK 1: BEASAIN

Filma, otsailaren 7tik aurrera zinemetan

Lur eta Ametsen ikuskizunak ikusi ondoren, estreinaldi handia egingo dute Euskal Herriko zinemetan, otsailaren 7an. Umeei eta familia osoari zuzenduriko animaziozko filma da, hainbat garai eta lekutara bidaiatzera gonbidatuko gaituena.

Pelikula 2017an ekoizten hasi zen LA Ekoizpenak AIE-ren eskutik (Ikastolen Elkartea, Katxiporreta, Elkar eta Lotura Films) eta Joseba Ponce eta Imanol Zinkunegi dira zuzendariak; honela dio sinopsiak: "Lur eta Ametsen gurasoek asteburu honetan ezkontza dute eta bikiak amona Andereren etxean utzi dituzte asteburu pasa. Baina Andereren eta bere katu Baltaxarren botereei esker, ez da asteburu arrunta izango. Bidaia batean murgilduko dira, garai eta sasoi desberdinetan abentura gazigozoak bizituz, gure historian zehar bidaiatuko dute. Beti izango dira beraiek protagonistak, Andere eta Baltaxarren laguntza ordaingabearekin. Baina, tamalez, gaiztoak, sasoi eta garai desberdinetan, ia beti izango dituzte atzetik".

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun