Lehenengo kontzertua, urtarrilaren 18koa, Vivaldiren, Geminianiren eta Bachen musikari eskainita egongo da, eta Camerata Albia ganbera-orkestraren eta Mario Clavell Larrinaga flauta bakarlariaren eskutik izango da. Interpretatuko dituzte, besteak beste, Vivaldiren Il cardellino kontzertua edo Bachen Badinerie ezagunaren flauta eta soketarako 2. suitea bezain obra famatuak.
Urtarrilaren 25eko kontzertua Iñaki Salvador jazz piano-jotzaile ezagunak emango du, eta bertan eskainiko du berak konposatutako lanez, euskal musika herrikoiaren gaineko moldaketa pertsonalez eta jazzeko standard-en gaineko egokitzapenez osatutako programa.
Hirugarren kontzertuan, otsailaren 1ekoan, Angéline Danel sopranoa eta Marion Desjacques harpa-jotzailea izango dira protagonista. Harparen sokek eta ahotsak opera errepertorioko maisulanen erritmoan eragingo digute dardara. Bihotzetako heroien eta emozioz taupaka egiten duten ahotsen mundu batera eramango gaituzte konpositore handien musikaren bidez. Angéline Danelek eta Marion Desjacquesek, obra horiek interpretatzeaz gain, protagonisten benetako istorioa kontatzen dute elkarrizketa dinamiko eta bizi batean, zeinetan ikusleak konplize eta protagonista bihurtzen baitira.
Otsailaren 8an, zikloaren historian lehenengo aldiz, mariatxi talde mexikar bat aurkeztuko da: Los parranderos de México. Mexikoko musika tradizionala egiten duen talde hau Mexikar Errepublikako hainbat tokitatik etorritako musikariek osatzen dute. Beren errepertorioa konpositore eta interprete handi hauen lanek osatzen dute: José Alfredo Jiménez. Rubén Fuentes, Cuco Sánchez, Juán Gabriel, Vicente Fernández, Pedro Infante eta Jorge Negrete, besteak beste. Horien guztien lanak joko ditu talde entzutetsuak.
Bosgarren kontzertua, otsailaren 15ekoa, El Pacto talde indartsuaren rock emanaldia izango da. Taldea eskarmentu eta abilezia handiko Bizkaiko rock musikariek osatzen dute eta bertaratuko direnek gozatu ahal izango dute rockaren historiako klasiko handien bertsioekin.
Neguko Bidaia jaialdiaren 12. edizioa otsailaren 22an amaituko da nazioartean txalotua den eta beren-beregi Pragatik etorriko zaigun luxuzko talde baten eskutik: Halir Trio, biolinaz, txeloaz eta pianoaz osatutakoa. Granados eta Schuberten bi trio interpretatuko dituzte, eta amaiera ezin ederragoa emango diote zikloari.
Kontzertu guztiak Areetako Andrés Isasi Musika Eskolaren auditoriumean egingo dira. Sarreraren prezioa 5 euro izango da (3 euro eskolako ikasleentzat). Sei kontzertuetarako bonua eskuratu daiteke 25 euroren truke (15 euro ikasleentzat). Sarrerak eskolan bertan har daitezke asteko edozein egunetan; bestela, leihatilan, kontzertu bakoitza hasi baino ordubete lehenago.