José Azqueta bela-estropadalaria, 2019ko Getxoko kirolari onena

Erredakzioa 2020ko urt. 14a, 09:22
Jose Azqueta bela-estropadalariak jaso du saria. © GETXOKO UDALA

Sari horregaz, Areetako Real Club Marítimo del Abra-Real Sporting Club itsas elkarteko bela-estropadalariak denboraldi bikaina itxi du. Besteak beste, bosgarren postua eskuratu zuen J80 klaseko Munduko Txapelketan eta hirugarren Espainiako Bela Txapelketan.

Jose Azqueta bela-estropadalariak 2019ko Getxoko kirolari onenaren saria jaso zuen atzo Getxoko Udalak Olatua kruzeroen terminalean antolatutako Getxo Sasoi Sasoian XIII. kirol galan. Biobizz ontziko patroia pozik zegoen eta jasotako saria eskertu zuen: "Urte ikusgarria ixteko ustekabea izan da. Bi urtez gogor aritu gara entrenatzen, eta, egia esan, ez genuen espero maila horretan egotea. Beharrezko baldintzak eman dira, eta azkenean lortu dugu goian egotea. Oso harrituta baina oso pozik, onenekin hor egoteagatik". Era berean, 2019 urteko helburuei begira, kirolariak aurreratu zuenez, “gauden bezala jarraitzea espero dugu, ahal dugun guztia lantzen eta entrenatzen jarraitzea, eta aurrekoaren antzeko denboraldia egiten jarraitzea. Aurten Espainiako Txapelketa, Espainiako Kopa eta Europakoa egingo ditugu”.

Amaia Agirre alkateak bestalde, edizio honetako goiburuari buruzko aipamena egin zuen galaren aurkezpenean, “Kirola baino askoz gehiago”. Agirrek azpimarratu zuenez, goiburuak “ederki erakusten du kirolak, jarduera fisikoak eta aisia osasungarriak duten potentzial itzela gure politika publikoen zati handi bat indartzerakoan. Izan ere, kirolak berez onura asko eskaintzen dizkio praktikatzen duenari, baina, ezbairik gabe, baita komunitateari ere”. Baina aurtengo goiburuak, alkatearen esanetan, “kirolean emaitza ona izateko ahalegina eta balioak azpimarratzen ditu. Diziplina eta bikaintasunaren bilaketa, zalantzarik gabe. Halaber, familiaren eta giza taldearen babesa eta konpromisoa aipatu behar dira, lehiaketa-mailan kirola egiten duzuen guztion une onak eta txarrak partekatzen dituztelako. Hori guztia dela eta, Getxok zuen lana saritzen du, kirolarien, kluben eta elkarteen komunitate handi horretan denok sartzen baikara zuzenean edota zeharka. Beraz, alkate moduan, gure eskerrik zintzoena eman nahi dizuet urtetik urtera egiten duzuen lanarengatik”.

Getxo Kirolak eta Udaleko teknikariek eta kirolagaz lotutako herriko erreferentziazko pertsonek osatutako epaimahaiak honako kirolari hauek ere saritu zituen: Victoria Madariaga hockey-jokalaria (zilarra eta brontzea Euskadi taldeagaz, 18 eta 16 urtez azpiko txapelketetan, hurrenez hurren) eta Jon Míguez boxeolaria (welter pisuko munduko txapelduna), junior mailan; baita Virginia Díaz Raspas Arraun taldeko arraunlaria ere (Europako txapelduna lemazainik gabeko 2koan eta Espainiako Distantzia Luzeko txapelduna, eta, gainera, Tokioko Joko Olinpikoetan parte hartuko duena), senior mailan.

Sari kolektiboak

Getxoko kirolaren jaian 300 lagun baino gehiago bildu ziren, eta honako talde hauek ere saria izan zuten: gazte mailan, Getxo Igeriketa Waterpolo Bolue Elkarteko igeriketako emakumezkoen taldea, Espainiako Txapelketan haurren 4x100 erreleboan zilarrezko domina lortzeagatik; eta Real Club Marítimo del Abra-Real Sporting Club-eko gizonezkoen belaontziko eskifaia, Munduko eta Espainiako txapelduna J80 klasean.

Senior taldeei dagokienez, Raspas Arrauneko emakumezkoen lemazaindun 8koak jaso du saria, Espainiako aulki mugikorreko txapelketan lortutako urrezko dominagatik, eta, gizonezkoetan, Getxo Arraunen traineruak, KAE 1 Ligara igotzeagatik.

Sari bereziak

Sari berezien atalean, Getxo Gimnastika Klubak “Berdintasuna indartuz” saria eskuratu du, berdintasuna sustatzeagatik, taldean hiru mutil sartu baititu; Getxo Arraun Taldeko Jorge Pineda arraunlariak dibertsitate funtzionala duten kirolarien “Marka hautsiz” saria lortu du bigarren urtez jarraian, arraun egokituko Munduko Txapelketako laugarren postuagatik eta Paraolinpiadetarako sailkatzeagatik; Iñaki Zubizarretak saskibaloi jokalari ohiak “Kiroltasuna” saria jaso du, bere gizarte-lanagatik eta bullyingaren aurkako borrokan duen konpromisoagatik; “Getxo Berrituz” berrikuntzari saria, Jabier Baraiazarra Bilbao Mendi Film Jaialdiko zuzendariarentzat izan da, kirola eta kultura uztartzeagatik; Real Club Marítimo del Abra-Real Sporting Club elkarteak “Getxo Zabala” saria irabazi du, batez ere, Jose Luis de Ugarte Eskolaren bidez bela harrobiarekin sustapen-lana egiteagatik; eta, azkenik, Gonzalo Beitiak “Aitzindariak” saria jaso du, mitoarena: Athleticen, Bartzelonan eta Atletico Madrilen jokatu zuen. Athletic taldeagaz Kopa bat irabazi zuen 1958an eta Europako txapeldunorde izan zen Barça taldeagaz 1961ean.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun