Fiskaltzak 11 urteko kartzela zigorra eskatu du akusatuarentzat, eta akusazio partikularrak, 15 urtekoa, EFE albiste agentziak zabaldu duenez. Epaitutako gizonezkoa eta neskatoaren ama bikote izan ziren bost urtez, eta elkarrekin bizi ziren Algortako etxebizitza batean, haren alaba biakaz batera, 13 eta 12 urtekoak, hurrenez hurren. Era berean, baieztatu du umeak zaintzen zituela amak lan egin behar izaten zuenean, hala nola 2018ko martxoaren 28an, salatutako erasoa jazo zen egunean.
Egun horretan, gaueko 10:00ak aldera, neska biak lotan zeudela, akusatuak onartu du nagusienaren ohera gerturatu zela eta horri sexualki abusuak egin zizkiola. Bertsio horren arabera, hala ere, ez zen penetraziorik egon. Analisi forentseak aurkeztu ondoren, aldiz, adituek baieztatu dute biktimaren baginan akusatuaren semena zegoela, penetrazio baten ondoriozkoak izan zitekeena. Era berean, ontzat eman dute adingabekoaren bertsioa, hau da, bortxaketarena.
"Adingabekoenganako erasoei stop. Aurrean izango gaituzue"
Biktimari babesa azaltzeko eta bortxaketa salatzeko, elkarretaratzea egin dute hainbat talde feministek (Sutea Leioa, besteak beste) epaitegiaren kanpoaldean. Talde feministek salatu dutenez, erasoa familia barruan gertatu zen: "Ustezko erasotzailea amaren bikotekidea zen eta eurekin bizi zen, eta beraz, are larriagoa da erasoa, ustezko bortxatzailea konfiantzazko pertsona zelako".