Aiboako metro-geltokia eta Neguri-Algortako goiko aldea lotzen dituzten igogailuak inauguratu dituzte

Erredakzioa 2020ko urt. 31a, 13:56

Amaia Agirre Getxoko alkateak eta Keltse Eiguren Bihotz Sakratuaren Udal Egoitzako presidenteak, beste udal ordezkari batzuekaz, aipatutako zentroko egoilarrakaz eta Fekoor-Gutxitasun fisikoa edo organikoa duten Bizkaiko pertsonen Federazio Koordinatzaileko kideakaz batera, Aiboako metro-geltokia eta Algortako goiko aldea lotzen dituzten bi igogailuak inauguratu dituzte gaur goizean. Jarduera horren bidez, oro har konexio irisgarria emango da, Neguritik (Txakursoloren igogailuakaz) Aiboara eta Alangora.

Ekipamendu horrek irisgarritasuna emango dio Aiboako goiko aldeari eta Foruen kaleari (Miguel Beascoa kalearen bidez, kale hori irekitzen denean); alderdi horretan daude, besteak beste, Udalaren jabetzakoa den Jesusen Bihotzaren Zaharren Egoitza, udaletxea, epaitegiak, San Inazio ikastetxea, Foru Ogasunaren bulegoa eta Alango anbulatorioa. Bestalde, zaharren egoitzaren erabiltzaileek erreklamatzen zuten ekipamendua da eta 2018ko aurrekontu parte-hartzaileetan eskatu zen.

Amaia Agirre alkateak azpimarratu duenez, "jarduketa hau 2018ko parte hartzeko aurrekontuen barruan dago eta, hortaz, hiritar getxotarrek egindako ekarpen eta eskarien emaitza da, bereziki Jesusen Bihotza Udal Zaharren egoitzako erabiltzaileenak, zeinekin dagoeneko partekatu dugun proiektua; horientzat albiste handia da eguneroko bizitzan hain oinarrizkoak diren zerbitzuetara, kasuak kasu metrora, iristeko mugikortasun urria dutenei irisgarritasuna ahalbidetuko diegulako. Alderdi horretan dagoen irisgarritasun arazoa hobetzeko FEKOORen (Gutxitasun Fisikoa edo/eta organikoa duten Pertsonen Bizkaiko Federazio Koordinatzailea) eskaera ere asebeteko da, baita Aiboan eta Negurin bizi diren auzotarrena. Eskaera sentigarria izan da beti guretzat eta 2010eko maiatzean arrapala-igogailua jarri genuen martxan, Negurin Txakursolo eta Makaletako Etorbidea Aiboako metroarekin lotzen dituena; orain jarraipena emango diogu bi ekipamendu berri hauekin eta oinezkoentzako bide berri batekin".

Igogailu bi, geraleku bi

Lehenengo igogailua, Aiboako metro-geltokitik ateratzen da (geltokiko sarbideren paretik, egungo tunela amaitzen den tokian) eta bi geraleku ditu: bat trenbide ondotik paraleloan doan espaloiaren mailan, eta bestea gorago, eraiki berri den oinezkoentzako ibilbidearen parean, bigarren igogailura daramana. Bigarren ekipamendu hori Miguel Beascoa kaleraino igotzen da, eta bi sarbide ditu; bata, Jesusen Bihotza zahar etxean eta bere Eguneko Zentroan zuzen sartzeko eta bigarrena, Miguel Beascoa kalean bertan dagoena. Hortaz, bi igogailuen erdian geraleku bat dago sortutako oinezkoentzako ibilbidean; Marqués del Real Socorro eta Arkotxa kaleetan egun dauden ibilbideei segida ematen die ibilbide berriak, egun dagoen plazaren bitartez. Horrela, kaleak Aiboa-Alangon egindako jarduketa berriarekin lotzen dira eta Algortako erdigunerantz jarraipena ematen da.

Guztira, 25 metroko desnibela gainditzen da. Jarduketaren ondorioz, basoetan ez da modu gogorrean esku hartu eta garraio-aleak, eukaliptoak kasu, oinezkoentzako ibilbide berri horiekaz bateragarri egin ditu; lanek eragindako zuhaitzak birlandatu dira, dauden eremuak galdu gabe.

Igogailuak bertikalak dira, panoramikoak, eta kristalezko kabina daukate; bidaia bakoitzean gehienez 16 lagun garraiatzeko gaitasuna dute eta Alango eta Villamonteko igogailuen ordutegi berean funtzionatzen dute, 05:45etik 24:00etara.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun