Getxoko odol-emaileak omenduko dituzte barikuan

Iker Rincon Moreno 2020ko ots. 5a, 10:36

Getxoko odol-emaile batzuk, artxiboko irudian.

Getxoko Bihotz Handi Odol Emaileen Elkarteak udalerriko 65 odol-emaile omenduko ditu barikuan, otsailaren 7an, Algortako Villamonte kultur etxean. Saioa 19:00etan hasiko da.

Ekitaldian azken urte bietan 20-25 aldiz odola eman duten herriko 65 emaile omenduko dituzte, 9 emakume eta 56 gizon. "Ekintza honekin, zoriontzearekin batera, guztion esker ona jaso dezatela nahiko genuke, beraien lan isila eta solidarioagatik, hainbat egoeretan ezinbestekoa gaixotasunetan eta ebakuntza kirurgikoetan", azaldu dute elkarteko kideek.

Omenaldian Bihotz Handi elkartekoak, Bizkaiko elkarteko presidenteak eta Getxoko Udaleko bozeramaile batek parte hartuko dute; ondoren, Itxas Argia dantza-taldekoek Agurra dantzatuko dute, besteak beste. "Honekin publikoki eskertu nahi diegu emaileei eta animatu jarraitu dezaten orain arte moduan, eta ingurukoak erakartzen", antolatzaileek azaldu dutenez.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun