Alerta laranja

Olatuek kalteak eragin dituzte Ereagako pasealekuan

Iker Rincon Moreno 2020ko ots. 11a, 08:50

Olatuek Ereagako pasealekuan utzitako panorama. © GETXOKO UDALA

Azken orduetako denboraleak kalteak eragin ditu Algortako Ereagako pasealekuko hormatxoko 18 bat metrotan. Getxoko udal-iturriek azaldu dutenez, hainbat lekutan goialdeko babes-baranda eta harri-zatiak bota dituzte bertara iritsitako olatu handiek, La Ola jatetxearen parean. Daborduko bide-zerbitzuak beharrean daude konponketa-lanak egiteko.

Eusko Jaurlaritzako Larrialdiei Aurre egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzak kostaldeko inpaktuagatik alerta laranja ezarri zuen atzo eta gaur artean. Gaurko goizaldea izan da unerik bortitzena, 04:00etatik 08:00etara; hala ere, alerta mantenduko dute 17:00etatik 20:00etara, baita bihar goizeko 05:00etatik 09:00etara ere.

Aurrekoetan bezala, Getxoko Udalak SMS mezuak bidali dizkie arrisku guneetako (Kirol Portua, Ereagako hondartza eta Portu Zaharra) merkatariei eta ostalariei, eta kartelak jarri ditu, alertaren eta jarraitu beharreko gomendioen berri emateko.

Arrisku guneetarako bidea zainduta egongo da etengabe alertak irauten duen bitartean (itsasgoren aurreko eta ondorengo orduotan). Hala, oinezkoentzat itxiko da Pedro Bilbao estatuatik Portu Zaharrera hondartzara doan bidea, baita Arriluzetik itsasargiraino doan pasealekua ere. Era berean, Udalak gogoratu du alertak irauten duen bitartean hondartzetara sartzea debekatuta egongo dela.

Larrialdiren bat izatekotan honako telefono zenbaki hauetara deitu behar da: 94 466 02 02 (Udaltzaingoa) eta 112 (SOS DEIAK). Iragarpenen gaurkotzeak eta iragarpenak Euskalmeten (http://www.euskalmet.net) bitartez segitzea gomendatzen eta kasu hauetan, bereziki Twitter(@Euskalmet)en bidez.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun