Erositako zazpi ibilgailu berri horiekaz, udalerriko ingurumena hobetu gura du Getxoko Udalak. Izan ere, CO2 emisioak eta inpaktuak murriztuko dira, eta zarata txikiago sortuko dute, herritarrei traba gutxiago eraginda, udal-iturriek iragarri dutenez. Daborduko martxan daude ibilgailu horiek, zoladurak mantentzeko udal-zerbitzuan.
Joseba Agirre Ingurumen Kalitateko zinegotziak azaldu duenez, ibilgailu horiei gasa eta argindarra emateko beharrezko azpiegiturak prest ditu Udalak. Besteak beste, Larrañazubiko ingurumen-gunean gas-zerbitzugunea dago, eta ibilgailu elektrikoentzako karga-gune entxufagarriak ditu baita ere, Fadura kiroldegian eta Santa Klarako lursailean bina. Horrez gain, laster erabilera publikorako beste bi puntu jarriko dituzte Kirol Portuan eta beste zazpi Algortako Manuel Gainza parkeko aparkaleku berrian.
Ibilgailu horiek hiri-hondakinak biltzeko, bide-garbiketarako, argiteria publikorako eta lorezaintzako zerbitzuetarako lehendik daudenakaz bat egingo dute. Beraz, egun udal-flota jasangarriak hemeretzi ibilgailu elektriko, sei hibrido eta hamazortzi gas-ibilgailu ditu.