Ereagako txosna berria martxoaren amaieran martxan egotea espero dute

Iratxe Olaizola 2020ko ots. 20a, 13:48
Ereagako txosna zaharra. Berria zurezkoa izango da eta Baliko eta hondartzetako eraikinetan oinarritutako diseinua izango du.

Martxoaren 1ean hasiko dira Ereagako txosna berria eraikitzeko lanak, Getxoko Udalak jakinarazi duenez, eta gunea hilabete horren amaieran martxan egotea espero da. Getxo Kirolak erakundeak udalerriko enpresa bati esleitu dio txosnaren kudeaketa; ostalaritza-zerbitzua eskaintzeaz gain, gunea dinamizatzeaz arduratuko da enpresa hori.       

Txosnak aisialdi-ekimenak izango ditu urriaren 31ra arte, getxoztarrei zein kanpokoei zuzendutakoak. Besteak beste, kirolak, musika eta ur-jarduerak antolatuko dituzte bertan. Enpresa esleipendunak 2022ra arte izango du gunearen kontzesioa, beste denboraldi baterako luzatzeko aukeragaz. Era berean, luzapen bi gehiago egiteko aukera egongo da.  

Txosna berria zurezko materialez egingo dute. Egitura nagusia 25 metro koadroko modulu aurrefabrikatua izango da, eta 45 metro koadroko terraza izango du. Udalaren esanetan, inguruagaz bat datorren diseinua izango du, Bali uharteko eraikinetan oinarritutakoa. 

Bai instalazioa bai bertan egingo diren jarduerak bat etorriko dira ingurumena errespetatzeko eta natur guneak arrazionalki erabiltzeko irizpideakaz. Sustatzaileen esanetan, Bandera Urdinaren arauak beteko dira, baita beste kalitate-estandar orokor batzuk ere. Horrez gain, "Itsasertza kontserbatzeko jardunbide egokien dekalogoa" programari atxikita egingo da txosna.

Ostalaritza-zerbitzuaz gain, Ereagako txosna-guneak doako edota kostu txikiko kirol-jarduerak (freesbie, snorkel, paddle taulak...) eskainiko ditu, baita aisialdirako beste jarduera batzuk ere: paddle SUP eta surf-ikastaroak, hondartzako errugbia, yoga, igeriketa-zeharkaldia...

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun