Getxoko Kultur Etxeak hainbat helburugaz antolatu du programa: gazteei askotariko programazioa eskaintzea, haurtzarotik kultura-kontsumoa sustatzea eta Curriculum Artistikoa osagarria izatea. Era berean, programaren bitartez hartzaileen, ikusleen eta sortzaileen arteko elkarlana areagotu eta gizartearentzat garrantzitsuak diren gaiak landu gura dituzte arte-proiektuen bidez.
Hori lortzeko, antzerkia eta opera landuko ditu eskola-programak. Zazpi ikastetxetako 700 ikasle inguruk bi antzezlanez eta opera-entsegu batez gozatzeko aukera izango dute. Lehenengo saioa, proba modura erabiliko dena, Mari eta gaileta fabrika antzezlanagaz egingo dute bariku honetan, otsailaren 28an. Antzezlana amaitutakoan, ikasleek Itxaso Paia, Nagore González eta Ainhoa Artetxe aktoreakaz berba egiteko aukera izango dute.
Horren ostean, martxoaren 6an, Don Giovanni operaren entsegu nagusia ikusteko aukera izango dute DBHko 1. eta 2. mailako ikasleek. Programa amaitzeko, apirilaren 3an Etxerik txikiena antzezlana izango da.
Gainera, ikasleak ez direnentzat ere ikusgai egongo dira, egun horietan bertan, antzezlan eta opera hauek, arratsaldeko ordutegian: Mari eta gaileta fabrika (18:00), Don Giovanni (19:00) eta Etxerik txikiena (18:00).