Birziklatutako materialez egindako altzariak ipiniko dituzte Faduran

Erredakzioa 2020ko mar. 9a, 09:35
Fadura kiroldegia, barrutik. © GETXOKO UDALA

Ekonomia zirkularraren filosofian oinarrituta, Getxo Kirolak erakundeak birziklatutako materialak erabiliko ditu Algortako Fadura kiroldegiko jolas- eta ikasketa-guneetako altzarietarako.

Thinking Fadura proiektuko parte-hartze prozesuan ateratako ideia da hori; hain zuzen ere, kirol-gunea hobetzeko proposamen ugari egin zituzten erabiltzaileek eta udalerriko kirol klubek. Hori gauzatzeko, Biribil proiektua sortu dute arduradunek, Europar Batasunagaz batera finantzatutakoa. Horregaz, adin ezberdinetako pertsonek erabiltzen dituzten eremuak hobetu gura dituzte, birziklatutako edo berrerabilitako materialez egindako produktuak erabilita. Getxon jatorria duten erabilerarik gabeko produktuak ere baliatuko dituzte baita ere.

Proiektu hori lau tailerren bidez eratuko da eta, horietan, Getxo Kirolak-eko langileek, erabiltzaileek eta profesionalek parte hartuko dute. Gainera, barruko eremuen diseinuan eta ekonomia zirkularrean ezagutzak dituen aditu bat ere izango dute. Tailer horietan, gainera, barne-diseinuko ikasleek, maker-ek eta 3D inprimatzearen inguruan interesak dituzten pertsonek ere parte hartzeko aukera izango dute.

Martxoaren 11n, eguaztenean, eta 17an, martitzenean, izango dira lehenengo tailer biak. Horietan, ikasketa-gela, jolas-gunea eta erabilera anitzeko eremua erabiltzen dituzten pertsonen premiak, ideiak eta proposamenak jasotzeko aukera egongo da. Lehenengo saioa 18:30etik 20:30era izango da, Fadurako haurren jolas-gunean; bigarrena, aldiz, ikasketa-gunean, aurrekoaren ordutegi berdinean.

Horrez gainera, apirilaren 25ean, lehenengo tailer bietan egindako ekarpenak kontutan hartuta, talde bideratzaileak emandako irtenbideak egiaztatuko dituzte, 09:30etik 13:30era. Azkenik, ekainaren 4an, altzari berrien diseinuaren prototipoak ikusgai egongo dira.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun