Ezbeharra goizeko 10:30ak aldera izan da, Alangobarri kaleko taberna batean gas-ihesaldi bat atzeman ondoren. Handik gutxira, eztanda egin du eta inguruko lokalek kalte handiak izan dituzte. Ertzaintza, Getxoko Udaltzaingoa, Guardia Zibila eta suhiltzaileak bertaratu egin dira, kalea moztu eta jazoera ikertzen hasi dira. Osasun-zerbitzuak ere agertu dira bertan zegoen jendea artatzera. Udal iturriek jakinarazi dutenez, lau zauritu egon dira eta bi ospitaleratu behar izan dituzte, "zauri arinak" dituzten arren; gainontzeko biak lekuan bertan artatu dituzte.
Eztandaren eraginez, inguruko hainbat establezimendutan eta ondoan aparkatutako ibilgailu batzuetan kalteak egon dira; ondoko haurtzaindegi bat hustu behar izan dute, bertako kristalak lehertu egin baitira. Horrez gainera, suhiltzaileak inguruko etxeak arakatu dituzte. Azaldu dutenez, gaineko etxebizitzetako bizilagunak ebakuatu eta bertako butano-botilak atera eta gas-neurgailuak erabilita irakurketak egin dituzte, gas-metaketak saihesteko. Orain, kalteak aztertzen ari dira eta apurka-apurka auzokideak etxeratzen hasiko dira.
Ezbeharra gas-ihesaldi batek eragindakoa dela uste dute suhiltzaileek; hala ere, ikerketa oraindino zabalik dago jazoera baieztatzeko.
Gas-leherketa bat gertatu da #Algorta ko Alangobarri kaleko lokal batean. Inguruko autoek eta lokalek kalteak jasan dituzte. Poliziak kalea moztu du eta gertaera ikertzen hasi da @HirukaEus pic.twitter.com/KqIpkorJmE
— Iker Rincon (@irincon_) March 10, 2020
Leherketa Algortako Alangobarri kalean. @udaltzaingoak suhiltzaileak, @ertzaintzaEJGV eta @osakidetzaEJGV lanean / Explosión en la calle Alangobarri #Algorta. Policía Local #Getxo @BomberosBizkaia Ertzaintza y Osakidetza trabajando en el lugar. pic.twitter.com/I2eLyflIxr
— Getxoko Udala (@GetxoUdala) March 10, 2020