Aurrekontu parte-hartzaileak irudikatu dituzte Aixerrota BHIko ikasleek

Iker Rincon Moreno 2020ko mar. 11a, 10:21

DBH 4 mailako Ekonomia ikasgaiko ikasleek antolatu dituzte aurrekontu parte-hartzaileak.

Aixerrota BHIko ikasleek 2.500 euroko diru-partida zertan gastatzea erabakitzeko aukera izan dute aurten. Izan ere, DBH 4ko Ekonomia ikasgaiko ikasleek aurrekontu hori kudeatzeko proiektu parte-hartzailea garatu dute eta institutuko neska-mutil denek eurek proposatutako sei aukeren artean gustukoena bozkatzeko aukera izan dute.

Ikasleak izan dira Aixerrota BHIko aurrekontu parte-hartzaileen proiektuaren protagonistak. Azaldu digutenez, egitasmoak lau fase izan ditu. Hasteko, Ekonomia ikasgaiko DBH 4ko ikasleak zereginaren nondik norakoen informazioa jaso ondoren, klasez klase joan ziren aurrekontuak zer diren azaltzeko, baita horien garrantzia zer-zelakoa den azpimarratzeko ere. Ondoren, ikastetxeko ikasle denen proposamenak batzeko faseari hasiera eman zioten, astebetez. Behin horiek jasota, zuzendaritzak egingarriak eta bideragarriak ziren proposamenak aukeratu eta baztertutakoen zergatiak azaldu zituen. "Berbarako, batzuek belarrezko futbol-zelai bat egitea eskatu zuten, baina aurrekontua mugatua denez [2.500 euro] eta hori egiteko lekurik ez dagoenez, baztertu egin zen proposamena", azaldu dute ikasleek.

Denera sei proposamen aukeratu zituzten institutuan ezartzeko: ping-pong mahaia, futbolina, xake mahaia, mahai-jolasak, iturria atzeko patioan eta bizikleta zein motorrentzako estalkia. Hala, joan den otsailaren hasierako astean egin zuten bozketa, egun bakoitzeko maila batek bozkatzeko aukera izan zezan, jolastorduan. Emaitza: futbolina. "Maila denetan izan zen aukera hori bozkatuena",  jakinarazi dutenez.

Neska-mutilek nabarmendu dutenez, aurrekontuok onartzeko eskolako ikasleen erdiak baino gehiagok bozkatu behar zuen, "eta gutxigatik lortu dugu, lau bozkengatik". Aitortzen dutenez, hasiera batean ikasle asko ez ziren bozkatzera animatzen, "eta euren atzetik ibili behar ginen bozkatzearen garrantziaz jabetu zitezen". Are gehiago, neska-mutil askoren "pasotismoa" deitoratu dute: "batzuk institutuaren alde egin dute prozesu honetan, baina beste batzuei ez zaie ezer axola. Dena den, errealitatea da askok ikasleontzako gauza gehiago egotea nahi dutela, dena aspergarria delakoan, eta horiek ez dute bozkatu. Hala ere, orain futbolina egongo dela, ea zer dioten".

Behin bozketa eginda, orain futbolina aukeratzen dabil zuzendaritza. Karmele Torralba Ekonomiako irakasleak azaldu duenez, daborduko hiru aukera aurkitu dituzte, eta aztertzen ari dira horietako zein hartuko duten. Horretarako, talde bat sortuko dute zuzendaritzaren eta ikasleen artean proposamenaren ezarpena jarraitzeko eta sor daitezkeen arazoei aurre egiteko.

Errealitatearen isla

Ekonomiako ikasleek diotenez, eurak "oso gazteak" direnez, oraindino ez dute inolako aukerarik izan bozketa ofizial batean parte hartzeko. "Hauxe izan da gure lehenengo esperientzia zentzu horretan eta interesgarria izan da jakitea zelan funtzionatzen duten gauza hauek", azaldu dute. Mota horretako prozesu baten nondik norakoak beren-beregi ezagutzeko aukera izan dute, baita zeintzuk zailtasun dauden horiek aurrera eramateko ere, besteak beste. Azken boladan bolo-bolo dabiltzan fake news edo albiste faltsuen fenomenoak ere bere agerraldia egin zuen prozesu horretan. Ikasleek aitortu dutenez, jendearen parte-hartze txikiari aurre egiteko hainbat bulo zabaldu zituzten klasez klase, hala nola aurrekontuak aurrera aterako ez balira diru horregaz zuzendariak kamerak jarriko zituela eta bozkatzen ez dutenek negatiboa jasoko zutela. "Estrategia hori erabili genuen ikasleen artean izua sortzeko", azaldu dute.

Bigarrenean lortu dute

Karmele Torralba irakasleak azaldu duenez, ikastetxeko zuzendariarena izan da aurrekontu parte-hartzaile horiek garatzearen ideia, eta Ekonomia mintegia arduratu da hori kudeatzeaz. "Guk aurrekontuen gaia lantzen dugu, eta proposatu genuen ikasleek eurek egin dezatela, kutsu demokratikoagoa emateko", Torralbaren esanetan. Hala, iaz egin zuten lehenengo saiakera, eta azken-aurreko fasera heldu ziren, hau da, bozketara. Aurrekoan web-plataforma bat baliatu zuten hori egiteko, baina ez zuen ondo funtzionatu, ez zebilen. "Proposamenak bagenituen, ikasleek bozkatu nahi zuten, baina ezinezkoa izan zen". Hala, aurten ideia berreskuratu eta "zuhurragoak" izan dira, den-dena ondo atera ahal izateko. Hala, plataforma bat erabili beharrean, bozketa-ontzi bat erabili dute oraingoan, eta dena ondo ateratzea lortu dute.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun