Atzo, domekan, Itzubaltzeta/Romoko Kresaltzu kaleko BM supermerkatu batean lapurreta egin zuen gizonezko batek. Inguruko auzokideek delitua grabatu zuten, zuzen-zuzenean, euren etxeetatik; sare sozialetan bolo-bolo dabiltzan bideo horien arabera, ikus daiteke gizonak hainbat kolpe eman zizkiola establezimenduko ateari, hura apurtu ondoren bertan sartu eta hainbat produktugaz alde egiteko. Dirudienez, gizonezkoak janaria nahi zuen: "Janaria nahi dut eta hau itxita dago", entzun daiteke grabatutako bideoetan.
Lapurreta jazo eta denbora gutxira, Getxoko udaltzainek eta ertzainek ustezko gaizkilea identifikatu zuten, bere etxean, Ertzaintzak jakinarazi duenez. Susmagarria karguakaz aske utzi zuten, epailearen deialdiaren zain.