Koronabirusa Uribe Kostan

Getxo Kirolak zuzeneko eskolak ematen hasi da Internet bidez

Erredakzioa 2020ko mar. 24a, 17:26

Erabiltzaileentzako kirol-ikastaroen bost klase ematen hasi da Getxo Kirolak zuzenean Internet bidez. Koronabirusak eragindako krisiaren testuinguruan, udal-kirol erakundeak egokitzapen fisiko orokorrera bideratutako programazioa abian jarri du, etxean ohitura bat izateko asmoz, inolako material espezifikorik behar izan gabe. 

Getxo Kirolak-eko irakasleek, astelehenetik barikura, bost klase emango dituzte zuzenean haien etxeetatik, adin guztietako kirol-jardueraren eskaera bete ahal izate aldera. Modu horretan, 9:30ean, adinekoentzako eta egokitzapen fisiko orokorreko klasea izango da; 10:30ean, global fitness eta egokitzapen orokor aurreratuagoko klasea; 11:30ean, berriz, pilates eta bizkarra osasuntsu klasea emango da; 17:30ean, haurrentzako klasea, familian egin ahal izatekoa; eta, azkenik, 18:30ean, yoga klasea.

Klaseetara sartzeko, nahikoa da Getxo Kirolak-en web orrialdean sartzea, Online Kirol Ikastaroak atalean. Erabilitako teknologiaren ezaugarriak medio, saioak 40 minutukoak izango dira, eta gehienez 100 lagunek jarraitu ahal izango dituzte. 

Datorren astean klase gehiago ematea aurreikusten da, Getxo Kirolak-ek udal-kiroldegietan ematen dituen kirol-ikastaroen programazioa konexio digitalakaz erreplikatzera iritsi arte. Kasu askotan, logikoa denez, modalitate askotako klaseak konfinamendu-egoerara bideratu beharko dira, baina gomendatzen da egunero jarduera fisikoa egiteko ohitura hartzea, osasun-krisi honi ahalik eta ondoen aurre egitearren.

Kirol-bideoak Getxo Kirolak-en Youtube kanalean

Zuzeneko klaseez gain, Getxo Kirolaken YouTube kanalean, bideoak argitaratzen ari dira Getxoko kirol-komunitatearen gomendio eta entrenamendu gehiagogaz; tartean aurkitzen dira klubak eta elkarteak, banako kirolariak, gimnasioak eta udalerriko kirol-zentro pribatuak. Era berean, “Etxean kirola egiten baduzu, sare sozialetan konta ezazu #GetxoKirolak etiketarekin” goiburupean, erakunde horiek sare sozialetan aholkuak argitaratzen ari dira eta egun hauetan prestaketa nola egiten duten azaltzen; aldi berean, Getxoko herritarrak animatu nahi dituzte etxean egiten duten jarduera fisikoa partekatzera aipatutako etiketa erabilita.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun