Saio nagusien aurretik, ohi bezala, Talde Lehiaketako kontzertuak izango dira eta aurten Espainiako Estatuko, Frantziako, Hungariako eta Italiako taldeak lehiatuko dira. Iaz bezala, ordainezko kontzertuak Muxikebarri Antzokia izango dira eta gainerakoak, Algortako Telletxe plazan eta Algortako Musika Eskolako Kristalezko Kioskoan. Guztira, 17 saio izango dira jazzaldian. Getxoko Kultur Etxeak sarrera salmentaren hasiera-data ezagutzera emango du ahal den bezain laster.
Cyrille Aiméek (1984, Fontainebleau) bere burua ezagutzera eman du jazz eszenan etorkizun handiko abeslari gisa. Nazioarteko sari ugarik bere kalitatea bermatzen dute, adibidez, 2007ko Montreux Jazz Festival-eko lehiaketa ospetsuan eta 2012ko Sarah Vaughan Internacional Jazz Competition-en lortutako lehenengo sariek. Gainera, 2010ean ere finalista izan zen Thelonius Monk nazioarteko lehiaketan. Inprobisazioarekiko zaletasuna erakutsi du bere lanean eta azken urteotan musika-alor formaletik abiatu da, bere azken diskoan erakutsi duen moduan, Move On-A Sondheim Adventure, hain zuzen ere, Stephen Sondheim musikalen kanta-idazle eta musikagilearen omenezko lana.
Ron Carter (1932; Ferndale, Michigan) jazzaren historiako kontrabaxu-jotzaile handienetariko bat da. 2.500 grabaketa baino gehiagotan bere arrastoa utzi du eta baita bere profesionaltasun eta fidagarritasuna ere, zenbait belaunalditako musikarientzat jarraitu beharreko eredua bilakatu dela. Eric Dolphy eta Don Ellisekin batera abiatu zen musikaren munduan pasa den mendeko 60ko hamarkadan. Bere ibilbidea Miles Davisen boskote mitikoan finkatu zen eta, ordutik, hainbat artista ospetsurekin jardun da, adibidez, Gil Evans, Freddie Hubbard, Quincy Jones, Roberta Flack, Antonio Carlos Jobim, Herbie Hancock eta McCoy Tyner.
Talde Lehiaketa
Ohi bezala, Europako banda gazteen lana bultzatzea helburu duen Talde Lehiaketaren beste ekitaldi bat izango da Jazzaldian. Aurten, 15 herritako 64 taldek parte hartu dute aurreneko fasean eta, horien artean, honako lau hauek hautatu ditu epai-mahaiak finalerako: Víctor Jiménez & Friends (Espainia), Alex Monfort Trio (Frantzia), Emma Nagy Quintet (Hungaria) eta Michelangelo Sandroglio (Italia). Aukeratutako taldeak uztailaren 1etik 4ra arituko dira saio nagusien aurretik eta irabazleek 4.300 euroko saria jasoko dute. Halaber, zuzeneko diskoa grabatuko zaie. Bigarren saria, berriz, 1.800 eurokoa izango da eta bakarlaririk onenari emandakoa, 900 eurokoa.