Koronabirusa Uribe Kostan

Kalean maskarilla ez erabiltzea egotzita isuna jarri diote Romoko okin bati

Iker Rincon Moreno 2020ko api. 6a, 19:07

Getxoko Udaltzaingoak isuna jarri dio Itzubaltzeta/Romoko okindegi bateko ugazabari goizaldeko 02:30ean lanera bidean zihoala maskarilla barik joatea egotzita. Horrek sare sozialetan deitoratu duenez, Getxoko agenteek "inolako justifikazio barik" isundu dute, gaur egun ez delako beharrezkoa maskarillaren erabilera. Getxoko udal-arduradunek jakinarazi dute ustezko arau-hauste horren akta berrikusiko dutela, Alarmari buruzko Dekretuan xedatutakoagaz bat datorrela egiaztatzeko.

Itzubaltzeta/Romoko okindegi bateko arduradunak salatu duenez, Getxoko Udaltzaingoak isun bat jarri dio bart 02:30ak aldera, lanera zihoala maskarilla barik joateagatik. Zabaldutako oharrean azaldu duenaren arabera, lanerako bidean Ertzaintzako patruila batek geldiarazi du, eta lanera bidean zegoela azaldu ondoren, aurrera segitzen utzi dute. Ondoren, Artatzako biribilgunean, Getxoko Udaltzaingoaren patruila batek jarraika hasi zaio, Amaia kaleko lehenengo semaforora arte. Bertan, azaldu duenez, udaltzaingoek geldiarazi dute eta ohartarazi diete isuna jarriko ziotela maskarillarik ez eramateagatik, "laneko agiririk eskatu barik".

Okinak azaldu duenez, gaur egun oraindino ez da derrigorrezkoa maskarillaren erabilera kalean, Eusko Jaurlaritzak hala agindu ez duelako. Hala, Getxoko Udaltzaingora deitu eta bertan esan dioten bakarra isuna errekurritzea izan dela deitoratu du, "bestelako argibiderik eman barik". Horren aurrean, Amaia Agirre alkatearentzako eta zinegotzientzako mezu bat zabaldu du: "mesedez, ondo hezi zuen agenteak inolako justifikazio barik isunak jar ez ditzaten". Azkenik, langileak zehaztu du maskarillak eta eskularruak dituela, "baina lan egiteko, horiek eskuratzea oso zaila delako".

Isunaren aktaren berrikuspena

HIRUKA Getxoko Udaleko arduradunakaz harremanetan jarri da eta jakinarazi digutenez, aipatutako ustezko arau-hausteari dagokion akta berrikusiko dute, Alarmari buruzko Dekretuan xedatutakoagaz bat datorrela egiaztatzeko, "akta denekin egiten den bezala". Era berean, gaineratu dute Ertzaintzak eta Udaltzaingoak udalerri denetan jarraitzen dituzten isun-irizpideak berdinak direla.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun