Koronabirusa Uribe Kostan

Hiru positibo Getxoko Jesusen Bihotza Udal Egoitzan

Unai Brea 2020ko api. 10a, 17:01

© GETXOKO UDALA

Adinekoentzako Jesusen Bihotza Udal Egoitzako hiru egoiliarrek positibo eman dute koronabirusaren probetan, Getxoko Udalak zabaldu duenez. Protokoloari jarraituz, Erandioko Igurco Unbe IMQren zentrora eroan dituzte hiru pertsona horiek.  

Bizkaiko Foru Aldundiak joan den martxoaren 29an iragarri zuen unitate espezializatu bi sortuko zituela lurralde osoko adinekoen egoitzetan koronabirusa atzemandakoentzat. Horietako bat aipatutako Erandioko Igurco Unbe da. Hara eroan dituzte, euren senideakaz berba egin ostean, Getxoko udal-egoitzan positibo emandakoak, egoitzako lehenengoak Udalaren esanetan. Denera 82 egoiliar daude Jesusen Bihotzean, zehaztu dutenez.  

Positibo emandakoen solairu berean dauden beste egoiliarrak Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak ezartzen duen epean bakartuta egongo direla gaineratu dute.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun