Covid-19aren osasun larrialdiak askotariko neurriak hartzera behartu ditu herrialde askotako gobernuak. Hala, Erresuma Batuan martxoaren 23an ezarri zuten konfinamendua, “nahiz eta jende asko etxean geratzen hasi ginen astebete lehenago”, Ane Otalorak zehaztu duenez. Neurriok ez dira berdinak han eta hemen; hala, Glasgowen bizi duen egoera bertokoa baino “eramangarriagoa” dela aitortu du algortarrak: “Egunean behin etxetik irteteko aukera dugu ariketa fisikoa egiteko. Hala ere, ezin gara etxekoa ez den inorekin geratu; kaleak poliziaz beteta daude hori kontrolatzeko”. Pertsonen artean utzi beharreko distantzia metro bikoa da bertan ere eta, hemen egin duten bezalaxe, edukiera mugatu dute supermerkatuetan; “segurtasun langileak jarri dituzte ateetan sarrera-irteerak kontrolatzeko”.
Otalorak aitortu duenez, lehenengo aste “gogorra” igaro ondoren, “nahiko ondo” darama etxealdia. “Gutxienez bi hilabetez horrela bizi behar garela barneratu dut eta, harez geroztik, errazagoa egiten ari zait dena”. Larrialdi egoerak tabernak itxi behar izatea eragin du (etxetik eroateko zerbitzua eskaintzen dutenak izan ezik); hala, behin-behinean lan egiteari utzi behar izan dio, nahiz eta kobratzen jarraitu. Beraz, bere buruari galdetzen dio: “zer egin dezaket etxean ez aspertzeko? Irudimentsu jarri; momentuko bakea gozatzen saiatzen naiz, hau dena amaitu ondoren izugarri lanpetuta egongo naiz eta!”.
Konfinamendu egoera ez da berdina leku denetan; atzerrian zein sorterrian, etxean zein kalean. Otalorak azaldu duenez, egunotako egoerarik latzena etxegabeak pairatzen ari dira. “Glasgowen hainbat aterpetxe itxi dute birusa dela eta; horren ondorioz, gehienak kalean geratu dira”. Horri aurre egiteko, elkartasun-sareak martxan jarri dituzte herritarrek eta horiek laguntzeko materialak batzen hasi dira, hala nola janaria eta arropa; “guztiok ahal den neurrian laguntzen dugu”.
Halako momentuak atzerrian bizitzeak sorterrian utzitakoak gogora ekartzea eragiten duela aitortzen du algortarrak: “Jendea da gehien faltan botatzen dudana; barreak, besarkadak, musuak… Beti nago lagunekin eta familiarekin hizketan, baina orain ez da gauza berdina. Oso bakarrik sentitzea erraza da, nahiz eta maite dugun jendearekin kontaktuan egon”.
Erresuma Batuan konfirmatutako Covid-19 kasuak 103.093 dira eta hildako kopurua 13.729ra heldu da.