Gizon bat atxilotu dute Getxon drogak saltzea egotzita

Erredakzioa 2020ko api. 20a, 09:10

Atxilotutakoari atzemandakoa. © GETXOKO UDALA

Poliziek bi mila eurotik gora atzeman dizkiote atxilotutakoari, billete zatikatuetan. Atxiloketa joan den zapatuan izan zen, Getxo eta Berango arteko gasolindegien inguruan.

Getxoko Udaltzaingoak 34 urteko gizon bat atxilotu zuen zapatuan, osasun publikoaren aurkako delitu bat egotzita. Gertaera Getxo eta Berango arteko gasolindegien inguruan jazo zen. Iturriek azaldu dutenez, Herritarren Segurtasunerako arloari atxikita zegoen uniformerik gabeko patruila batek gizon bat ikusi zuen inguruan aparkatuta zegoen auto batera hurbiltzen, barruan beste gizon bat zegoen eta droga-dosia izan zitekeena trukatu zuten. Polizien arabera, hauts zuriko substantzia bat zen hori eta, horren truke, diru-kopuru bat jaso zuen. Ondoren, hasieran atzemandako gizonak ibilgailutik azkar alde egin zuen; hala ere, autobiaren sarreran zain zeuden beste bi agentek geldiarazi zuten.

Ibilgailuari eta ustezko droga-saltzaileari prebentziozko miaketa egin ondoren, poliziek 2.377 euro aurkitu zituzten bere gauzen artean, billete zatikatuetan. Horren ondorioz, atxilotu egin zuten osasun publikoaren aurkako ustezko delitua egotzita. Epailearen esku utzi dute 34 urteko gizonezkoa. Era berean, konfinamendua ez betetzeagatik ere salatu zuten.

Horrez gainera, sustantzia estupefazientea erosi zuenari ere salaketa jarri zioten Herritarren Segurtasunerako Legearen bi aktagaz: bata, konfinamenduari buruzko Errege Dekretua ez betetzeagatik; eta bestea, bide publikoan sustantzia estupefazienteak edukitzeagatik.

Beste atxilotu bat, atxilotzeko agindua zuena

Bestalde, Udaltzaingoak beste pertsona bat atxilotu zuen atzo, domekan, 03:15ean, Algortako kale batean konfinamendu-dekretua bete gabe egoteagatik.

Identifikatu zutenean, egiaztatu zen Getxoko epaitegi batek atxilotzeko agindu bat zuela bere kontra, eta horregatik atxilotu egin zuten. 41 urteko gizonezko bat da, udalerriko bizilaguna, eta Guardiako Epaitegira eraman zuten beharrezko izapideak egin ondoren.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun