Koronabirusa Uribe Kostan

Urtebetez atzeratu dute Getxon egitekoa zen Lurreko Munduko Sokatira Txapelketa

Iker Rincon Moreno 2020ko api. 26a, 19:43

Goiherri sokatira-taldea, artxiboko irudian.

Datorren irailerako aurreikusita zegoen Lurreko Munduko Sokatira Txapelketa egitea Fadurako kiroldegian; hala ere, koronabirusa dela eta, hitzordua 2021eko irailaren 15etik 19ra atzeratu egin dute.

Joan den martxoan hasi zen Nazioarteko Sokatira Federazioa aurten jokatzekoa zen txapelketa bertan behera uztea baloratzen. Hasieratik uste zuten osasun-krisiak ez dituela behar besteko baldintzak eskaintzen mota horretako kirol ekitaldi bat egiteko. Hala, irailean ere ziurgabetasuna argia denez gero, hitzordua atzeratzea erabaki dute arduradunek. Era berean, kontutan hartu dute klub eta selekzioek ere ez zutela baldintza fisiko egokiak izango ekitaldiari aurre egiteko. Hala, Lurreko Munduko Sokatira Txapelketa 2021eko irailaren 15etik 19ra egingo da, Getxoko Fadurako kiroldegian. Kirol ekitaldi hori Eusko Jaurlaritzak, BIzkaiko Foru Aldundiak eta Getxoko Udalak babesten dute.

2021erako baldintzak

Munduko Txapelketaren antolakuntza taldeak hilabeteak daramatza lanean Sokatira Mundiala erreferentziazko txapelketa izan dadin, bai kirol arloan, baita antolakuntzari dagokionez ere: kirol modalitate horren modernizazioa bultzatzeko asmoz, jasangarritasuna, informazioaren teknologiak edo dopinaren kontrola bezalako alorretan.

COVID-19ren pandemiak sortu duen egoera dela eta, ekintza horiei beharrezko neurriak gehituko zaizkie txapelketaren ospakizuna osasun- eta segurtasun-berme guztiakaz burutu ahal izateko.

Oraindino goiz da hartuko diren neurriak zehazteko, baina daborduko lantalde bat eratu dute, Nazioarteko Sokatira Federazioagaz elkarlanean, plan oso bat garatzeko.

 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun