Etxetik etxera, Berbodromoa

Erredakzioa 2020ko api. 27a, 12:12

Datorren maiatzaren 14an, eguenean, Berbodromoa Etxetik ekimena egingo dute, bideokonferentzia bidez. Horren helburua da euskara sareetara ateratzea, euskararen erabilera indartzea eta indar-erakustaldia egitea. Egizu elkarteak antolatu du ekimena, Getxoko Udalaren laguntzagaz; gainera, aurten, atzerrian bizi diren getxoztarrek parte hartu ahal izango dute.

Era honetan, betiko xedea aurten ere mantenduko da, hau da, euskaldunak elkartzea eta giro lasaian proposatutako gai zehatz batzuei buruz aritzea, euskara ikasten ari denari euskaraz hitz egitera animatzen, eta euskaraz aritzeko aukera gutxi duenari aukerak ematen. Aurten bi saio izango dira, bata, 10:00etan eta bestea, 18:00etan, biak Jitsi Meet aplikazioaren bidez.

Funtzionamendua

Taldeetan euskara ikasten ari diren eta dakiten pertsonek parte hartuko dute, guztira lau pertsona (atzerrian dagoen getxoztarra, dinamizatzailea eta beste bi getxoztar) eta hurrengo hiru gairi buruz mintzatuko dira: konfinamendua zure inguruan, loteria tokatuz gero, zer egingo zenuke?, eta Euskaraldia.

Berbodromoan parte hartzeko aurretik izena eman eta galdetegi txiki bat bete behar dute pertsona interesatuek http://www.egizu.eus/berbodromoa/ webgunean. Ondoren laukotearen esteka jasoko dute, eta aipatutako egunean, klik egin eta solas-gelan sartuko dira, Jitsi Meet aplikazioaren bidez.

Bideoa erabiltzea hautazkoa izango da; antolatzaileek gomendatzen dute Chrome nabigatzailea erabiltzea eta saioak hasi baino hamabost minutu lehenago konektatuta egotea, egon daitezkeen arazo teknikoakaz lagundu ahal izateko. Zalantzak argitzeko egizugetxo@gmail.com helbidera jo daiteke, eta saioetan zehar laguntza emateko telefono zenbakia 619 935 541 izango da. Bideokonferentzietan Euskaraldiaren Belarriprest eta Ahobizi txapak ipinita edukitzeko eskatu dute sustatzaileek.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun