Koronabirusa Uribe Kostan

Getxoko merkataritzako eta ostalaritzarako laguntza bereziak eskatu ditu PPk

Unai Brea 2020ko api. 28a, 13:04

Argazkia: HODEI TORRES

Getxoko PPko bozeroaleak, Eduardo Andradek, udal-gobernua kritikatu du merkataritzaren eta ostalaritzaren egoerari behar bezala ez erantzutearren. Diruzaintzako soberakineko bost milioi horretara sektore horiei laguntzera bideratzeko eskatu dute popularrek, besteak beste.    

"Egoera ekonomiko hau gogorra da eta gehiago gogortuko da ", adierazi du Andradek, "negozio txikientzat bereziki, gastuak baitituzte oraindik, eta batere diru-sarrerarik ez". PPk proposatu du onartuta dauden baina "kalte handirik gabe atzeratu litezkeen" hainbat proiektu atzeratzea: "Horrek hamar milioi inguru utziko lituzke Udalaren esku, eta horietatik bost merkatari eta ostalariak babesteko erabil litezke".     

Gainera, udal-eskumenekoak diren zergak (zarama, estolderia, ura, terrazak...) ez kobratzea proposatu dute, eta Bizkaiko Foru Aldunditik datozenen portzentajea itzultzea. Konfinamendua zabalik egon ahal izan dutenentzat, "diru-sarrerak nabarmen gutxituko zitzaizkienez", zergak %25 jaisteko ere eskatu dute. Eta etxez etxeko zerbitzua eskaintzen duten negozioen zerrenda osatzea ere gura dute; "Getxo Enpresak sortuta du halako bat honezkero, baina uste dugu Udalari dagokiola holako zerrenda xehe bat egitea eta zabaltzea".

Era berean, konfinamendua pasatu osteko garairako ere hainbat neurri proposatu ditu PPk: itxita daudenak lanera bueltatzen direnerako 3.000 txeke bat ematea bakoitzari, TAOren doako tartea luzatzea, erosleentzako bonua sortzea...

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun