Aire zabaleko terrazak (bi horma edo gutxiagokoak) publikoarentzat berriz irekitzeko baimena ematen zaie gaur egun baimena duten, zerga-betebeharrak egunean dituzten eta administrazio-zehapenik jaso ez duten establezimenduei, baimendutako mahaien % 50gaz (10 pertsona gehienez mahai edo mahai multzo bakoitzeko). Terrazaren okupazioa baimendutako mahaien % 50era mugatzen bada ere, baimendutako mahai kopurua bakoitia bada, ateratzen den kopurua gorantz biribildu ahal izango da. Mahaiak erditik gora gehitzeko aukera ere eskaintzen da, baldin eta hasieran baimendutako azaleraren barruan mahaien artean gutxienez bi metroko distantzia fisikoa errespetatzen bada. Gainera, terrazarako azalera handitu gura duten establezimenduek Udalari dagokion baimena eskatu beharko diote, eta horrek egiaztatuko du bide publikoaren zati horretan oinezkoentzako tartea proportzionalki handitzea bideragarria den.
Baimen guztiek udal-ordenantza bete beharko dute mugei, ordutegiei eta legez ezarritako gainerako betekizunei dagokienez, eta baita Udal Jabetza Publikoa okupatzeagatiko Tasa arautzen duen Zerga Ordenantzan xedatutakoa eta Alarma Estatuari dagozkionak ere.
Horrez gainera, Udalak gogoratu du sektore hori itxita egon den bitartean "ez dela tasarik aplikatu eta ez direla izapidetuko, eta terrazak ezartzen direnean urteko azken hiruhilekora arte ez direla kobratuko".