Getxoko Udalak LGTBIfobiaren kontrako adierazpena onartu du

Erredakzioa 2020ko mai. 15a, 16:15
LGTBIen aldeko ikurra. BENSON KUA.

Maiatzaren 17an ospatzen den LGTBIfobiaren aurkako Nazioarteko Eguna dela eta, adierazpen instituzional bat onartu du gaur Getxoko Udaleko Bozeramaleen Batzordeak EAJ, PP eta PSE-EE alderdien aldeko botoakaz, EH Bilduren kontrakoagaz eta Elkarrekin Podemosen abstentzioagaz.

Getxoko EH Bilduk jakinarazi du ez duela gobernu-taldeak proposatutako akordioagaz bat egin horrek "ez duelako inolako konpromisorik jasotzen". Izan ere, koalizio abertzalearen arabera, horixe da adierazpen instituzionalen helburua: "erakundeek konpromiso zehatzak hartzea lantzen ari diren arloaren inguruan". Horrez gainera, testuaren izaera deitoratu du, Eusko Jaurlaritzaren Berdindu zerbitzuaren lana "goraipatzen" duelakoan. Horren harira, EH Bilduk azpimarratu du zerbitzu horrek hainbat kritika jaso dituela LGTBI+ mugimendutik, "eskaintzen duen arreta zalantzan jarriz, baliabide nahikorik ez duelako eta abar". Era berean, adierazpena LGTBI+ mugimenduagaz adostuta ez dagoela deitoratu du koalizioak eta salatu du herri-mugimendua instituzionalizatzeko asmoa dagoela horren atzean: "Herri-mugimenduari protagonismoa kendu erakundeek jasotzeko. Erakundeek egiten ari diren saiakera honek izen bat dauka: pinkwashing, hau da, zure erakundearen aurpegia zuritu LGTBI+ komunitatea baliatuz, hustuz eta merkantilizatuz. Horren adibide dugu Bilbon antolatu zuten Pride. Ez dugu parte hartuko estrategia horretan".

Getxoko Udalaren adierazpena, osorik:

30 urte dira, 1990eko maiatzaren 17an, Osasunaren Mundu Erakundearen (OME) Batzar Nagusiak homosexualitatea gaixotasun mentalen zerrendatik kendu zuela. Ordutik, maiatzaren 17ak oso balio esanguratsua du lesbiana, gay, trans, bisexual eta intersexualentzat, kolektibo horrek gaur egun aurre egin behar dion diskriminazioaren aurkako eta eskubideen aldeko jardueren ardatz katalizatzailea da eta.

Aurten, 2020an, COVID-19aren ondorioz etxean erdi konfinaturik geratu behar garenez, ezin izango da kalera irten manifestatzera, baina, berdin jarraituko dugu salatzen sexu eta genero aniztasunarekiko gorrotoak sortarazten dituen erasoak. Eraso horiek gure inguruan eta 70 estatutan baino gehiagotan gertatzen dira; izan ere, ILGA txostenaren arabera, sexu orientazioa kriminalizatzen da, eta horrek esan nahi du ehunka biktima hil direla, gay, lesbiana eta transexualak izateagatik.

Ezin dugu ahaztu, halaber, herrialde askotan LGTBI komunitateak diskriminazioari aurre egin behar diola mediku arreta jasotzeko orduan, Human Rights Watchek dokumentatu duen bezala. Diskriminazio horrek hainbat gaixotasun kronikoren arretan eragin dezake, eta, ondorioz, LGTBI pertsonak gaixotasun larriak izateko edo COVID-19ren ondorioz hiltzeko arriskuan egon daitezke bereziki.

Getxoko udaletik, maiatzaren 17an, gizarte inklusiboa aldarrikatu nahi dugu, gizarte zaintzaile eta proaktiboa, LGTBI kolektiboak oraindik aurre egin behar dien diskriminazio planoen aurkako borrokan eta eskubideak lortzearen alde ahaleginak batuko dituena. Aniztasunetik abiatuta bizikidetzaren bermatzaile izango den gure hiria, hizpide dugun eremuan ulertu beharrekoa, baina, bistan denez, baita osotasunean ere.

Uste dugu gizarte eragile guztien zeregina dela gizarte errespetuzkoagoa, bidezkoagoa eta integratzaileagoa eraikitzea, gure lan agendetan LGTBI kolektiboarekiko konpromiso esplizituak hartuz, oraindik indarrean dauden diskriminazio planoen aurkako borrokan aurrera egin dezagun. Getxoko Udalak etengabe dihardu helburu hori sendotzen, erakundeen arteko lankidetzatik eta hirugarren sektoreko erakundeen eskutik. Sentsibilizaziotik eta konpromiso instituzionaletik, sexu- eta genero-aniztasunarekiko errespetuzko ideario bat sortzen jarraitu behar dugu, bai eta LGTBI pertsonen ahalduntzea bultzatzen ere, gizartean pertsona guztientzat benetako berdintasuna eta askatasuna lortu arte.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun