Koronabirusa Uribe Kostan

Araudia hausteagatik bost tabernari salaketa ipini die Udaltzaingoak aste honetan

Erredakzioa 2020ko mai. 16a, 14:53

Getxoko Udalak prentsa-ohar baten bitartez gogorarazi du Udaltzaingoak, Ertzaintzagaz koordinatuta, egunero kontrolatzen dituela udalerriko terrazak, osasun-larrialdiagatik indarrean dagoen araudi berria betetzen dela ziurtatzeko. Hura urratzeagatik hainbat salaketa ipini dituzte daborduko, bai establezimenduen ugazabei bai bezeroei, eta Udalak pertsona denei erantzukizunez jokatzera dei egin die.

Udalaren esanetan, udaltzainek etengabe jakinarazten diete ostalariei, aurrez aurre, 1. fase honetan zeintzuk arau bete behar dituzten. Aste honetan bost establezimenduren aurkako salaketa ipini dute, "horietako biren kasuan araudia behin eta berriro urratzeagatik", eta bost ikuskatze-akta egin dira terrazetan konpondu beharreko ezaugarri irregularrengatik.

Zeresana eman du Getxoko Kirol Portuko terrazetan egunotan izandako jende-kopuru handiak. Horren ildotik, Udalak azaldu du atzokoan Udaltzaingoak Ertzaintzagaz batera jardun zuela jagoletza-lanetan. Udaltzainek zazpi lagun salatu zituzten alarma-egoeraren gaineko dekretua urratzeagatik, eta gaur goizean bertako establezimenduetan joan dira araudia gogoraraztera. Arratsaldean ere inguru horretan zaintza-lana egingo dutela iragarri dute, "Getxon egunero egiten diren" kontrolen testuinguruan. 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun