Hamaika aplikazio eta sareren izenak oso ezagun bihurtu ditu konfinamenduak (batzuk baziren lehenago er); Skype, Zoom, Jitsi, Facetime... "Alarma-egoera honetan horiek guztiak erabiltzen ari gara komunikatzeko eta elkar 'ikusteko', eta bizipen horiei ikusgaitasuna eman nahi diegu, Jaialdiaren hurrengo edizioan herriaren erdialdeko eraikin batean instalazio bat ipiniz", azaldu dute Getxophotoren antolatzaileek.
Honenbestez, elkarrizketa edo batzar digitaletan hartutako pantaila-irudiak bidaltzeko eskatu diete getxoztarrei. Jasotzen dituzten irudi denak Getxophotoren webgunean ikusbide egongo dira jaialdiak irauten bitartean, eta aukeratutako 30 inguru Urgull kaleko eraikin publiko baten fatxadan paratuko dituzte. Edozein getxoztarrek har dezake parte ekimenean, baina adingabekoek gurasoen baimena beharko dute.
Argazkiak, edo zehatzago esanda, pantaila-irudiak, online elkarrizketa batean parte hartzen den bitartean egin behar dira, ordenagailuan zein gailu mugikor batean. "Zentratuta eta kamerari begira agertzen bazara hobeto, baina batik bat naturala izan", eskatu dute sustatzaileek.
Ekainaren 15era arte egongo da aukera irudiak bidaltzeko, getxophoto@gmail.com helbidea. Lotura honetan ikus daitezke parte hartzeko bete beharreko baldintza denak, baita pantaila-irudiak hainbat sistema operatibo eta gailutan hartzeko argibideak ere.