Ekainaren 15ean zabalduko dute Ibarbengoako aparkalekua

Unai Brea 2020ko mai. 22a, 19:58

Aparlalekua egiteko obren hasiera, artxiboko irudian.

Aspalditik eraikita dagoen Ibarbengoako metro-geltokia zabaltzeko Bizkaiko Garraio Partzuergoak ezarri zuen baldintza betetzear dago: aldamenean aldirietako aparkalekua zabaltzea. Ekainaren 15ean gertatuko da hori, eta horregaz batera beste geraleku bat izango du Getxok, zazpigarrena. Aparkalekuan ia 300 autorentzako lekua egongo da.

Zehazki, 295 leku izango ditu aparkalekuak, hiru solairutan (horietako bi, lurpekoak). Bederatzi aparkaleku mugikortasun urrikoentzat izango dira, eta beste bost zamalanak egiteko. 

Obrak bost milioi eta erdi ero inguruko kostua izan du, Bizkaiko Garraio Partzuergoak ordaindu dituenak. Hain zuzen ere, erakunde horrek bidalitako oharrak dioenez 36 hilabete iraun dute azpiegitura egiteko lanek; honenbestez, Tosuko landa desalojatu aurreko denbora ere sartu dute zenbaketa horretan, 2017ko azaroan burutu baitzen guztiz Tosu Betirako plataformako kideen desalojoa, hau da, orain dela 31 hilabete inguru.

Garraio Partzuergoaren esanetan, "Ibarbengoako aldirietako aparkalekuak izango du, Bizkaiko Garraio Partzuergoko lauren artean [beste hirurak Leioan, Etxebarri eta BECen daude], autoan eginiko distantziaren eta garraio publikoan eginiko distantziaren arteko harremanari dagokionez datu onena. Bestela esanda, irteera-puntutik helmugaraino, autoaren erabilera oso portzentaje txikia izango da metroaren erabileraren portzentajearen aldean".

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun