Koronabirusa Uribe Kostan

Astelehenetik aurrera Fadurako kanpoko eremua erabili ahal izango da, aldez aurreko hitzorduagaz

Erredakzioa 2020ko mai. 26a, 12:25

Besteak beste atletismoko pista erabili ahal izango da astelehenetik aurrera.

Fadura kiroldegiko kanpoko guneak irekiko dira ekainaren 1etik aurrera, jarduera fisikoa egitea errazteko asmoz. Hala, atletismoko pista, belodromoa, erabilera anitzeko eremua (belar artifizialekoa) eta tenis eta padeleko pista estaligabeak erabiltzea aurreikusten da. Osasun-agintariek kirol-instalazioen erabilera mugatua baimenduta eta proposatzen dituzten adierazpenakaz bat eginez, praktika banaka egin ahal izango da, eta erabiltzaileen artean 2 metroko tartea errespetatu beharko da.

Tenis eta padelerako pistak Internet bidez erreserbatu beharko dira Getxo Kirolak-en web orrialdean ohiko araudia jarraituz. Kantxa bakoitzean gehienez bi pertsona egongo dira (padelean ere bi pertsona ibili ahal izango dira pista bakoitzean). Atletismoko pistari eta belodromoari dagokienean, horietan ere edukiera kontrolatuko denez, aldez aurretiko hitzordua eskatu beharko da Getxo Kirolakeko arreta-telefonora deituta: 94 430 80 70.   

Instalazioak erabiltzeko ordutegia kiroldegien ohiko ordutegia izango da: 8:00etatik 21:30era bitarte, 10:00etatik 12:00etara bitarteko salbuespenagaz, ordutegi hori soilik 70 urtetik gorakoentzat edo osasun-egoera ahula dutenentzat izango baita. Fadurako kanpoko eremu horretara garagardotegi zaharraren ondoan dagoen sarreratik soilik sartuko da, Makalen etorbidetik, eta Iturgitxiko eremutan, belodromoaren eta errugbiko zelaiaren alboan dagoen atetik. 

Getxo Kirolak arduratuko da osasun-agintariek ezarritako murrizketak betearazteaz. Hori dela eta, eta kutsatze-arriskua murrizteko helburuarekin, aldagelak ezingo dira erabili, eta soilik irekita egongo dira atletismoko eta errugbiko harmailen beheko aldean dauden komunak. 

Skateparkeak eta San Nikolaseko frontoia

Daborduko Areetako eta Arrigunagako skateparkeak eta San Nikolas plazako pilotalekua erabil daitezke. Kirol horiek egiterakoan ere 2 metroko tartea errespetatu beharko da instalazioen erabiltzaileen artean. Halaber, eskularruak erabiltzea gomendatzen da. 

Hilabete hauetako osasun-larrialdiaren ondorioz aurreikusi ezin den egoera dela eta, Getxo Kirolak lanean ari da gainerako instalazioak irekitzeko, osasun-agintariek ezarritako edukiera-mugakaz. Tartean, Fadurako kanpoko igerilekuak ireki gura dira udako denboraldirako, eta, aurreko urteetan bezala, ekainaren erdi aldera ireki daitezke.

Udal-kiroldegiak erabiltzeko aukerak zehatz-mehatz ezagutzen direnean, Getxo Kirolak-ek abonamendu-tasari dagokion deskontua aplikatuko die pertsona abonatuei, instalazioak itxi behar izan diren denbora kontuan hartuta.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun