Getxoko Udalak hesiak eta seinaleak jarriko ditu Areetako, Ereagako, Arrigunagako eta Azkorri/Gorrondatxeko hondartzetarako oinezkoentzako sarbideetan, bideetako sarrerak eta pasabideen norabideak arautzeko (bide zabaletan eskuinetik ibiltzea), pilaketak saihesteko eta pertsonak errazago pasatzeko. Seinaleek hareatzetara sartzeko eta irteteko bideak adieraziko dituzte, eta uneren batean gehieneko segurtasun-edukiera gainditzen dela ikusiz gero, hondartzetarako sarbidea itxiko da. Udaltzaingoak zainduko du egunak adostutako irizpideen arabera igarotzen direla.
Ereagako hondartzarako ibilgailu-sarbideari dagokionez, barikutik domekara, Begoñako galerietako biribilgunetik itxiko da 11:30etik 13:30era eta 15:00etatik 20:00etara, ibilgailuen pilaketak saihesteko. Baimendutako autoei (egoiliarrak, hoteletako bezeroak) pasatzen utziko zaie, eta eguerdian irekiko da, ostalaritza-establezimenduetarako sarbidea errazteko. Era berean, Begoñako eta Igeretxe/Txomintxuko biribilguneen arteko itzulerako erreian trafikoa moztuko da, oinezkoentzako gunea zabaltzeko, Ereagako jaitsieratik aterako dena.
Ezarritako neurriak jardunaldien garapenaren arabera aldatu ahal izango dira, beti ere pertsonen osasuna zaintzeko. Halaber, neurriak hurrengo asteburuetan egokitu ahal izango dira, lortutako emaitzen eta denbora-aurreikuspenen arabera.
Gomendioak
Udalak une honetatik aurrera Aldundiak eta udalek adostutako erabilera-esparru orokorrean hartutako gomendioei jarraitzea eskatu du. Horren arabera:
- Ez da onartuko harean kirola egitea (palak, futbola, boleibola...), osasun-agintariek ezarritako segurtasun-distantzia bermatu ahal izateko.
- Hiru ordu baino gehiago ez egotea gomendatzen da, ahalik eta jende gehien sar dadin.
- Komeni da eguzkitakorik eta aulkirik ez eramatea.
- Kasu egin okupazio-jarraibideei
- Taldeek gehienez 15 pertsonakoak izan behar dute. Bizikidetza-unitate berekoak ez diren taldeetako pertsonek maskara eraman behar dute ipinita edo segurtasun-distantzia mantendu behar dute.
- Pasealekuetan eta sarbideetan segurtasun-distantzia gordetzea ezinezkoa dela ikusten duten pertsonek maskara jantzita eraman behar dute.
- Bertaratzeko aurreikuspenak kontuan hartuta, oinez, bizikletaz, patinetez eta abarrez bertaratzea gomendatzen da, ibilgailu pribatua erabili gabe.