Hasi eta hazten jarraitu

Norberaren egokitze-ahalmenaren garrantzia

Nerea García 2020ko eka. 4a, 12:58
Artxiboko irudia. © HASZTEN

Ziur konfinamenduan ikasitakoa ez dugula sekula ahaztuko. Izan ere, zeinek esango liguke egoera berriei egokitzeko gaitasuna geneukala? Dudarik gabe ez da erronka erraza izan Haszten elkarteko kirolarientzat, oraingo honetan haien ohitura osasungarriekin jarraitu ahal izateko ezohiko oztopoak topatu baitituzte.

Egokitze-ahalmena norbere egunerokotasunean etengabe erabiltzen duen eta ezbeharrei buelta emanez ikasketarako leku berri bat aurkitzen duenarentzat berrogeialdia erronkaz beteriko bidaia bat izan dela pentsa genezake. Izan ere, horretan datza kontua: osasun-ohiturak abiapuntutzat hartuta, kirolak eta ariketa fisikoak eskaintzen dituen onura fisiko, psikologiko eta sozialak lortzen ahalegintzea izan da beti helburu nagusia. Horregatik, gizarte inklusiboago bat lortzeko asmoz, beharrezkoa izan da elkarteko kirolariei erreminta eta baliabide berriak ematea, batez ere mugimendu-ezak dakarren egoera berri honi aurre egiteko. Azken finean, nahiz eta gure esku-hartze estiloarekin eta oinarrizko filosofiarekin bat ez egin, inaktibitate fisikoa saihestu beharra zegoen batez ere, nahiz eta Interneten bidez egindako jarduerek parte hartzaileekiko feedback zuzena eman eta jasotzeko aukerarik ez eman. Horregatik, ulertu beharra dago kirol egokituaren kasuan ere irakaskuntza-prozesuan zehar kontuan izan beharreko aspektu garrantzitsuenetariko bat dela modu aktiboan jardutea, praktika aurrera eramaten ari den bitartean, akatsak zuzentzeko eta parte-hartzaileekiko errefortzu positiboa izateko.

Elkarteko kideen inaktibitate fisikoa saihestu beharra zegoen eta horretarako Internet baliatu dugu.

Horrela, Zumba, entrenamendu funtzionala, joko txiki, eskulanak edo malabarrak eta beste motatako gaitasun koordinatiboak lantzeko bideoak sortuta, parte-hartze aktibo bat sustatzea erabaki genuen, YouTube eta sare sozialen bidez. Izan ere, bihotzez zaindu beharreko ezinbesteko gauzak dira familiak, haien eskutik hartuta diharduelako elkarteko ekintza oro, haiek dira aniztasun funtzionalari ikusgarritasuna emateko betidanik borrokan aritu izan direnak, eta haien seme alabentzat merezi dituzten eskubideak eta berdintasuna lortzeko gizarte bidezkoago baten alde etengabe dihardutenak. Hortaz, zer medikuntza hobea ariketa fisikoa eta kirola baino, garapen integrala lortu eta autoestimua sendotzeko?

Egia da kirol-praktikan modalitate bakoitza oso desberdina dela batetik bestera; parte-hartzaile bakoitzak gustu desberdinak ditu, janaria bezala, adibidez: batzuek arraina, beste batzuek haragia eta beste gutxi batzuek ezohiko gauzak gustuko izango dituzte. Esan beharra dago ariketa fisikoaren eta kirol-praktikaren onura osasungarriak lortzeko beharrezkoa dela jarraitasuna, eta hori ez dela lanik gabe lortzen. Izan ere, horretarako ezaugarri oso esanguratsua da motibazioa. Orduan, nola sustatu ariketa fisikoarekiko atxikipena etxean? Nola piztu parte-hartzaileekiko interesa? Zer-nolako jarduerak egin daitezke haien artean baita ere hain inportantea den sozializazioa lortzeko? Alabaina, galderen bitartez saiakerak sortzen ziren, eta horien artean sentsibilizazio-tailerrak, eskolak zuzenean eta inaktibitate fisikoaren ondorioak saihesteko gomendioak eman genituen, baita hamar bideo-dei inguru ere egin ziren, 80 kirolari baino gehiagoren parte-hartzearekin.

Nahi duenak bizi-estilo aktibo bat izateko aukerak izan behar ditu, eta gero bakoitzak hautatuko du zer egin.

Esaten den bezala, nahi duenak bizi-estilo aktibo bat izateko aukerak izan behar ditu, eta gero pertsona bakoitzak nahi duen bidea hautatuko du, logikoa denez. Funtsezkoa dena zera da: agertzen diren arazoetarako irtenbideak pentsatzerakoan, ahalik eta pertsona kopuru handienarentzat eskuragarria, anitza eta kalitatezko komunikazioa egotea da, betiere elkartea osatzen duten pertsona guztien garapen integrala hobetzeko eta etengabeko ikaskuntzan oinarritutako bizi-estiloa garatzeko helburuarekin. Beti ikus daitezke egoeren alde positiboak, askotan bestela, negatiboak izatera zigortuta egongo direlako. Batzuetan ez da erraza oreka mantentzea, batzuetan arriskuaren haria urratu beharra dago gure helburuak lortzeko, baina elkartasunean jardunez gero, ziur ez diegula huts egingo hautatu ditugun erantzukizunei; gizartearekin, kirolariekin, familiekin, lankideekin eta gure ingurumen osoarekin. 
Berrogeialdiaren ondorioz, Haszteni bere esku-hartzea modu desberdin batean eraldatzeko eta egokitzeko aukera eman zaio, proiektuak prestatzeko eta hobetzeko aukera eskaini zaio, kantxara bueltatzeko momentuan inoiz baino indartsuago hasi eta hazten jarraitzeko. 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun