Igogailua panoramikoa izango da eta 16 lagunentzako lekua izango du. Horrez gainera, erdiko geldialdi batez zerbitzua emango dio Usategi Kafetegiari, etorkizunean udal eraikin hori berreskuratzen denean. Gaur egun, Portu Zaharreko erdiguneagaz lotzen den ibilbidetik Usategiko parkera iristeko modu bakarra eskailerak erabiltzea da, udal eraikinaren alboetan dauden bi eskalinatak. Igogailuak zaintza-sistema edukiko du eta, printzipioz, Portu Zaharreko igogailuaren ordutegi berbera izango du, hau da, 07:00etatik 24:00etara; halere, ordutegiari buruzko erabakia Udalak hartuko du.
Proiektuan jasotako beste jarduketa batzuk
Igogailuaz gainera, Udalak beste jarduketa batzuk ere egitea aurreikusi ditu: igogailu berria kokatuko den tokiaren ondoan, kafetegi zaharraren alboan, dagoen eskailera egokitzea; eraikinaren aurretik igarotzen den oinezkoen ibilbide tartea hobetzea, kontserbatuko diren eskaileran bitartez Genaratxuko bidearen azken zatia Usategiko parkeko sarbideagaz lotzeko; lanengatik kaltetuko diren guneak landareztatzea (lorategiak ere lehengoratuko dira eta igogailuaren alboan dagoen ezponda gainean harriak eta zuhaixka edergarriak ipiniko dira); eta igogailuak berak behar dituen zerbitzuetako harguneak egitea (hornidura elektrikoa eta telekomunikazioak), batez ere.
Elementu mekaniko berriaren inguruko hiri-altzariei dagokienez, egurrezko baranda bat ipiniko da desnibeletatik babesteko; Genaratxuko bidean dagoenaren modukoa ipiniko da, bai behealdean bai igogailuaren geralekuetan sartzeko egingo diren plataforma berrietako kanpoko perimetroan. Horrez gainera, udal modeloko paperontziak kokatuko dira.
Bestalde, argiztapena indartuko da bai sarbideetan bai igogailuan bertan. Igogailuan sartzeko guneen inguruetako argiztapena esparru horretan dauden herriko argietara konektatuko da. Horri esker, ingurunearen segurtasuna hobetuko da eta energiaren eraginkortasuna ere hobetuko da.