Getxoko skaterrek La Kantera eta Areetako parkeen erabilera mugatzeko eskatu diote Udalari

Unai Brea 2020ko eka. 10a, 20:45

Getxoko skater-talde batek, prentsa-ohar baten bidez, publikoki eskatu dio Udalari bertako skate-parkeak kirol hori egiteko mugatzea. Jende askok beste jarduera batzuetarako erabiltzen dituela eta horrek hainbat arrisku dakarrela adierazi dute. Izan ere, herenegun, ekainak 8, istripu bat izan zen Getxoko parkeetako batean.

"Getxon 30 urte baino gehiago da kirol hau egiten dela eta gero eta kezka handiagoa dugu parkeen erabileraz", esan dute prentsa-oharra kaleratzeko batu diren skaterrek, 50 inguru. "Urteak daroatzagu eskari hau egiten". Hain zuzen ere, La Kantera eta Areetako parkeak mugatzea eta skateaz bestelako jarduerak mugatzea da euren nahia. Besteak beste, gune horiek zelan erabili behar diren azalduko duten seinaleak ipintzea eskatu dute.

"Lekuok ez dira modu egokian erabiltzen", kexu dira, "adingabeak bizikletakaz sartzen dira pistetan, edo pilotan jokatzera, edo arrapaletan behera euren burua botatzera, txirristak balira legez; eta ez beti euren zaintzaileen begiradapean". Beste batzuk scooterrakaz irristatzera sartzen direla ere salatu dute, "skate-pistak horretarako egokituta ez dauden arren". Jarduera horiek denak skatean segurtasunez aritzea eragozten diela azaldu dute, eta scooterrak erabiltzeak, gainera, pistei kalte egiten diela adierazi dute.

Liskarrak eta istripuak

Skaterren esanetan, "behin baino gehiagotan liskarrak izan ditugu familiei senez joka dezatela eskatzeagatik eta aipatutako jarduerek sortzen duten arriskuaz ohartarazteagatik, betiere errespetuz". Esandakoaren adibide, azaldu dute ekainaren 8an pertsona batek hanka hautsi zuela semearen bila pista batera jaisten saiatzen zebilela. Esan dutenez, suhiltzaileek atera behar izan zuten handik.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun